Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeko kideak NUPen izan dira
Unibertsitateko errektoretza taldearen helburu estrategikoak dira Osasun Hiria martxan jartzea, plantilla sustatu eta finkatzea, eraldaketa digitala bultzatzea eta finantza egonkortasuna lortzea.
Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeko kideak NUPen izan dira gaur. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 32 urteko bidea egin du eta urte horietan zehar 36.000 ikaslek lortu dute titulua bertan. Aurrekontua 77.290.236 eurokoa du, eta horrekin 8.200 ikasleren (horietatik % 88 nafarrak dira), 950 irakasleren (horietatik 390 funtzionarioak dira) eta administrazioko eta zerbitzuetako 500 langileren beharrak betetzen dira.
Hauek dira unibertsitatean egon diren Batzordeko kideak: Pedro Gonzalez, Iñaki Iriarte, Angel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa).
Foru legebiltzarreko kideei Arrosadiko campusean harrera egin diete Ramon Gonzalo errektoreak, Francisco Javier Arregui Ikerketako errektoreordeak, Ines Olaizola Irakasleen Gaietarako errektoreordeak, Martin Larraza Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordeak, Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak, Edurne Barrenechea Garapen Digitaleko errektoreordeak, Begoña Perez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak, Maria Inmaculada Farran Irakaskuntzako errektoreordeak, Jorge Elso Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak, Roldan Gimeno idazkari nagusiak eta Joaquin Romero kudeatzaileak.
Horrelako bisitak ikasturte akademikoaren hasieran egin ohi dira, eta helburua da “zuzendaritza talde berriaren lan ildoak ezagutzea. Talde horren helburu estrategikoen barnean daude Osasun Hiria martxan jartzea, plantilla sustatu eta finkatzea, eraldaketa digitala bultzatzea eta finantza egonkortasuna lortzea. Horri dagokionez, 2020an bukatuko den urte anitzeko hitzarmena berritzeaz gain, itun espezifiko bat sinatu nahi da eraikin berri bat egiteko (Nafarroako Ospitalegunean), osasunarekin lotutako prestazio guztiak izanen dituena (irakaskuntza, ikerketa eta ekintzailetza).
Ondoren, Unai Hualdek eta Parlamentuko ordezkariek bilera egin dute maiatzean osatu zen errektoretza taldearekin. Bilera horretan Ramon Gonzalok hurrengo urteetan garatuko diren helburu estrategikoak azaldu ditu (10 proiektu izanen dira) eta NUPen gobernamendu “konplexuaren” berri eman du. Hala, errektoretza taldeak NUPen egitura “birmoldatu eta garai berrietara egokitu nahi du”, eta, horretarako, sortu berri den Plangintzako eta Giza Kapitaleko Kudeatzaileordetzaren lana izanen dute oinarri.
Ekonomiari dagokionez eta ikasturte bat falta delarik hurrengo urte anitzeko hitzarmenaren inguruan negoziatzen hasteko, errektoreak azaldu du NUPen aurrekontua 77.290.236 eurokoa dela, eta horietatik 62.486.338 euro Nafarroako Gobernuak ematen dituela, 10.708.793 euro matrikuletatik lortzen direla, eta gainerako 3.195.105 euroak katedretatik eta itunetatik. Horien artean daude NUPek Nafarroako Parlamentuarekin eta Iruñeko eta Tuterako udalekin dituen itunak.
Ramon Gonzalok esan du jarduteko malgutasun gutxi izan arren, aurrekontuaren % 76 (eta gaur egun Gobernuak ematen duenaren % 94 baino gehiago) langileentzako erabiltzen dela, eta gainerako % 6a unibertsitate politikarako (hedapena, jarduera kulturalak eta abar) bideratzen dutela. “Matrikulen dirurik gabe ezinezkoa litzateke NUPek funtzionatzea. Hala ere, aurreko ikasturtean kulturako, kiroleko eta berdintasuneko 253 jarduera egin genituen”.
Alor akademikoari dagokionez (bi eskola eta lau fakultate daude), 25 gradu, 6 gradu bikoitz, 9 nazioarteko programa (ingelesa oso garrantzitsua delarik) eta 12 gradu hizkuntzarekin eskaintzen ditugu. Azken bi urteetan —esan du errektoreak— 7 gradu berri ezarri ditugu, azken hirurak (Medikuntza, Psikologia, Historia eta Ondarea) ikasturte honetan bertan. Ikasgaiei dagokienez, 1.283 gaztelaniaz ematen dira, 303 euskaraz (% 24), 295 ingelesez (% 20,8) eta 17 frantsesez”.
Alderdi akademikoari buruz errektoreak esan du, baita ere, irakaskuntzaren % 30 - % 35 inguru irakasle elkartuek ematen dutela, eta, nahiz eta 8.000tik gora ikasleetatik 2.000 graduetako lehenengo mailan egon, hasi berri den ikasturte honetako eskaintza nabarmen baxuagoa dela Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USE) egiten duten ikasleen kopurua baino (3.150 ikasle 2019an).
2018-19 ikasturtean, laneratzeko 3.085 praktika egin ziren (% 87 curriculumeko praktikak izan ziren, eta gainerakoak curriculum kanpokoak), eta horietatik 1.993 Administrazio Publikoari lotutako erakundeetan egin ziren. Gainera, ikerketako 250 kontratu eta transferentziako 50etik gora lankidetza proiektu egin ziren.
Bukatzeko, Ramon Gonzalok azpimarratu du NUPek Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Parlamentuarekin batera konpromisoa hartu duela “Foru Komunitateko garapen sozialari eta ekonomikoari ekarpenak egiteko”. Kataluniaren ondoren, estatu osoko unibertsitate sistema indartsuena dugu”.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioetako kideek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa jaso dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.
Ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Arrosadiko campusean zehar, eta, besteak beste, liburutegian eta Jeronimo Ayanz zentroan izan dira. Bertan daude NUPeko ikerketako 6 institutuak (100 talde dira, ia 900 ikertzaile), eta solasaldia izan dute hango zuzendariekin, Carmen Echeverria eta Begoña Vicenterekin.