Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Ekainak 26

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak bilera errondari ekin dio I-E, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu taldeekin

Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitza bat proposatu asmoz De Simón, Buil eta Ramírezekin bildu da, eta ostegunean Geroa Bairekin, PSNrekin eta Navarra Sumarekin osatuko du bilera erronda

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Marisa de Simónekin (I-E), Mikel Builekin (Podemos-Ahal Dugu) eta Maiorga Ramírezekin (EH Bildu) bildu da gaur, Parlamentuan ordezkaritza duten talde eta alderdi politikoek izendatutako ordezkariekin egiten ari den bilera errondaren baitan, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitza bat proposatzeko helburuarekin.

 

Ezarritako ordenari jarraiki, ordezkari gutxien dituen taldetik hasita, Izquierda-Ezkerrarekin (Marisa de Simón, Txema Mauleón, Carlos Guzmán) hasi du erronda, eta ordu erdiko tartearekin, Unai Hualde Podemos-Ahal Dugurekin (Mikel Buil) eta EH Bildurekin (Maiorga Ramírez, Laura Aznal) elkartu da.

 

Legebiltzarreko Lehendakariarekin izandako topaketaren ostean, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) bere “konpromisoa” adierazi du Foru Gobernuko Lehendakaritzarako Maria Chiviteren (PSN) inbestidura posiblearen aldeko botoa emateko, gobernu programa bat osatzeko “gutxieneko adostasun” batera iristen badira.

 

“Akordio horretan lanean ari gara, gai guztiak jorratu beharko dira, desadostasunak barne. Bihar gure proposamenak mahai gainean jarriko ditugu. Programa solido bat burutu behar da, lehentasun sozialak dituena eta aniztasun eta elkarbizitzan aurrerapausoak emango dituena”.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu), bestetik, Maria Chiviteren (PSN) inbestidura posiblearekiko “jarrera zuhurra” erakutsi du, “negoziazioak hasi besterik ez baitira egin”, baina “akordio zabal batera” iristeko konpromisoa erakutsi du, “gutxieneko akordio bat ez baita nahikoa”.

 

“PSNk eskuinaren alternatiba izango den gobernu bat eraikitzeko deia egin digu. Gobernu horrek politika aurrerakoiak egingo dituela bermatzea guri dagokigu. Negoziazio horren emaitzen arabera erabakiko dugu zein izango den gure botoa. Desadostasunak daudela argi daukagu, baina aurkeztu diguten dokumentuari proposamen asko egingo dizkiogu”.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu) “inbestidura baterako baldintzak betetzen ez direla” ohartarazi du, eskuinari aurre egingo dion gehiengoa osatzeko egiten ari diren elkarrizketetan bere formazioa “baztertu” dutelako.

 

“Inbestidura saioa ospatzeko baldintzak ez dira betetzen, Nafarroarentzat proiektu bat beharrezkoa da, eta proiektu hau egonkortasuna ziurtatuko duten akordioetan oinarritu behar da”. Bere ustetan, “oinarri hauek ez daude mahai gainean, PSNren elkarrizketa faltagatik" batez ere.

 

Errondari ostegunean emango dio jarraipena 10:00etatik aurrera. Geroa Bairekin Bildu ostean, 30 minutuko tartearekin, PSN (10:30) eta Navarra Sumako (11:00) ordezkariak jasoko ditu Lehendakariak.

 

Ganbera osatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko hurrengo lehendakariaren inbestidurarako epeek aurrera egiten dute.

 

Zehazki, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren Presidenteak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.

 

Erronda amaituta, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak hautagai proposamena eta Osoko Bilkurarako deialdia egingo du.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 26a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.