Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Uztailak 31

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Boiseko Jaialdian parte hartu du

AEBetara joan ziren artzain nafarren memoria berreskuratzeko Nafarroako foru erakundeek egindako lana azaldu du Hualdek bertan

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak "International Symposium on the Basque Diaspora and Cultural Expressions, Zortziak Bat" jardunaldian parte hartu du Boisen (Idaho), 2025eko Jaialdiaren baitan Boiseko Estatuko Unibertsitateak antolatuta. Hualdek azaldu duenez, "Nafarroako Parlamentua eta Gobernua, Kanpo Harremanetarako Departamentuaren bitartez, gure erkidegoko hainbat eskualdetako (Erro, Aezkoa, Bortziriak, Erribera) artzain euskaldunen emigrazioaren fenomenoaren ikerketa bultzatzen ari gara, beti ere memoriaren ikuspegitik".

 

Lehendakariak Nafarroak dituen eskumenak eta erakundearen lan dinamika azaldu ditu. Besteak beste, nabarmendu duenez, "Parlamentuak Nafarroako Kanpoko Herritarrekiko Harremanei buruzko Foru Legea onartu zuen 2023an, Nafarroak atzerrian, foru erkidegotik kanpo, bizi diren herritarrekin izan beharreko harremanetarako lege-esparrua ezartzen duena. Legeak harreman hauen sustatze eta sendotzea bermatzen du".

 

Asier Barandiaran Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearekin batera eman du hitzaldia Hualdek, zeinak LAIA ikerketa taldeak Estatu Batuetara emigratu zuten Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko artzainei buruz egindako lana azaldu baituen.

 

Nafarroako Gobernuak Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena nabarmendu du Parlamentuko Lehendakariak, eta gogorarazi du Legebiltzarrak proiektu horietako batzuk ekonomikoki laguntzen dituela, esaterako, 2021eko abenduan inauguratu zen Elgorriagako euskal artzainaren museoa. Adierazi du, gainera, Ameriketan urtero ospatzen den Euskal Artzainaren Egunaren ospakizunarekin lankidetzan aritzen direla, bai eta Erro edo Aezkoa bailaretako artzainen emigrazioaren fenomenoari buruzko argitalpenak sustatu eta finantzatzen dituztela, eta “Nafarroako aztarna Far Westen" liburuaren argitalpena nabarmendu du. Izan ere, Hualdek ale batzuk eman dizkie bai Boiseko Unibertsitateari bai eta hiriko Euskal Museoari.

 

Boiseko bisitan, Hualdek beste ekitaldi instituzional eta kultural batzuetan ere parte hartuko du. Idaho Estatuko hirira Boisera emigratu zuten nafar artzain familia batzuk ere hurbildu dira, bost urtean behin ospatzen den Jaialdian parte hartzeko.