Noiz argitaratua Asteartea, 2026.eko Urtarrilak 27

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin die ANAPAR Parkinsonaren Nafarroako Elkartearen ordezkariei

Parkinsonaren Munduko Egunaren inguruan Parlamentuan jardunaldi bat antolatzea planteatu dute, elkartearen 35. urteurrena ospatzeko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Arantza Gorraiz eta Pepe Uruñuela ANAPAR Parkinsonaren Nafarroako Elkarteko ordezkariei.

 

Bileran, Gorraizek eta Uruñuelak planteatu dute Parlamentuan jardunaldi bat egiteko aukera apirilaren 11ren inguruan, Parkinsonaren Munduko Egunaren inguruan, elkartearen 35. urteurrena ospatzeko.

 

“Helburua da administrazioak eta, oro har, gizartea inplikatzea nahasmendu neurodegeneratibo horri buruzko sentsibilizazioan, zeinak mugimenduari eragiten baitio eta hainbat sintoma eragiten baititu, hala nola dardarak, zurruntasuna, geldotasuna eta oreka arazoak, eta gaixotasunaren ikerketaren alde borrokatzea”, esan du Gorraizek, hori baita Espainiako Parkinson Federazioaren (FEP) eskutik egiten duten lana.

 

Gorraizek azaldu duenez, aurten elkartearen 35 urteko lana ospatu nahi dute. “Gaixotasun horren tratamendua hobetzeko borrokatu dugu, laguntza eskainiz, gaixotasunari buruzko ikerketetan parte hartuz eta gizarteak nahasmendu horri buruz zerbait gehiago jakin dezan egunez egun lan eginez”, amaitu du.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, interesez jaso du jardunaldia egiteko ekimena, eta laster helaraziko zaio Parlamentuko Mahaiari. Era berean, aukera baliatu Parlamentuaren izenean, nafarrak ordezkatzen dituen erakunde gisa, esker ona adierazteko ANAPARek urte hauetan guztietan Parkinsonaren gaixotasunari aurre egiteko egindako lanagatik.