Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin die Antox eta Aralar elkarteetako ordezkariei
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Adikzioen Ikerketa, Prebentzio eta Tratamendurako Elkartearen (ANTOX) koordinatzaile nagusi Andrea Corerari, eta Nafarroako Ludopatiaren Laguntza eta Prebentziorako Aralar Elkartearen koordinatzaile eta UNADek, substantziekin eta substantziarik gabeko adikzioen eremuan esku hartzen duten 200 erakundez osatutako sareak, Nafarroan duen ordezko batzordekide Teresa Burguiri.
Bileran zehar, Corerak eta Burguik Parlamentuan jardunaldi bat egiteko aukera planteatu dute, Drogen Legez Kanpoko Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta UNADen 40. urteurrena zirela-eta Kongresuan (ekainean) egin zenaren antzekoa. Antox eta Aralarrez gain, Acoad izaera asistentzialeko Nafarroako erakundea ere UNADen zuzendaritzako kide da.
“Lurralde-mintegi bat antolatzea proposatzen dugu, adikzioen arloko politika publikoei buruz eztabaidatzeko, eskubideen ikuspegitik. Drogen kontsumoaren estigmari buruzko gidaren aurkezpena eginen litzateke, eta kalteak murrizteko esperientzien trukea. Esperientzia pilotu bat izanen litzateke, gero beste Parlamentu autonomiko batzuetan errepikatu ahal izateko modukoa”, azaldu dute Antox eta Aralarko eledunek.
Unai Hualdek, bere aldetik, Parlamentuko Mahaiaren aurrean eskaera bideratzeko konpromisoa hartu du, osasun- eta gizarte-ondorioak dituen arazoa delako, eta Nafarroako Parlamentuaren interesa piztu duelako zenbait unetan.