Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Uztailak 20

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio “Fundación Tutelar Navarra”ko (FUTUNA) ordezkaritza bati

Unai Hualdek azpimarratu du erakundeak desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideekin duen konpromisoa eta Legebiltzarreko taldeek arlo horretan duten sentsibilitatea

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur goizean Fundación Tutelar Navarra”ko (FUTUNA) ordezkaritza bati. Ignacio Recondo lehendakaria eta Margarita Aguinaga lehendakariorde egon dira bertan. Recondo, era berean, Asociación Española de Fundaciones Tutelares (AEFT) elkarteko lehendakaria da, eta Aguinaga, Plena Inclusión Navarra elkarteko lehendakaria.

 

Topaketan zehar, Recondo eta Aguinagak 1988an eratu zenetik Fundazioak adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen tutoretzan egiten duen lana aurkeztu diote Parlamentuko lehendakariari, bai eta gizarteari aholkularitza eta sentsibilizazioa emateko lana ere, adimen- desgaitasuna duten pertsonen eskubideak sustatze aldera.

 

Bestalde, Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa egikaritzen laguntzeko legedi zibila eta prozesala erreformatzeko ekainaren 2ko 8/2021 Lege berria irailaren 3an indarrean jartzearekin lotuta, Fundación Tutelar Navarrako ordezkariek lehendakariari helarazi diote irailaren 3an bertan legegintzaren egoitzan ekitaldi bat egin nahiko luketela. Adierazi duten bezala, ekitaldian desgaitasun intelektuala duen pertsona batek Asociación Española de Fundaciones Tutelares (AEFT) elkartea osatzen duten 31 tutoretza-fundazioek sinatutako manifestua irakurriko luke.

 

Lege berriak, Recondok erantsi duenez, "berekin ekarriko du entitateek ahalegin handiagoa egin behar izatea, tutoretza, guraso-ahal luzatua eta guraso-ahal birgaitua ezabatzen baititu; azken batean, adimen-desgaitasuna duten pertsonak ordezteko eredu bat izanen da, erabakiak hartzen laguntzeko modu bat izateko, desgaitasuna duten pertsonen borondatearen eta lehentasunen errespetuan oinarritua. Eta paradigma-aldaketa bat ekarriko du, bai desgaitasuna duten pertsonentzat beraientzat, beren erabakien protagonistak izanen baitira, bai prestazio edo laguntzen berme honetan esku hartzen duten eragile juridiko eta sozialentzat”.

 

Ildo horretan, Fundazioak laguntza eskatzen du "prozedura berrietara egokitzeko", eta haren ordezkariek azpimarratzen dute "ez duela aldatuko adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko modua, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren ildotik, erabakiak modu hurbilean eta pertsonalean hartzen lagunduz".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, azken urteetan Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioa betetzeari begira egindako urratsak errepasatu ditu, Foru Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta CERMIN erakundearekin berriki egindako ikerketa barne, Nafarroako foru legedian ezartzeko. Halaber, Legebiltzarreko taldeek gai honetan erakutsi duten sentsibilitatea azpimarratu du.

 

Fundación Tutelar Navarra irabazi-asmorik gabeko entitate sozial bat da, ANFASek 1988an sortua eta Nafarroako Gobernuak interes sozialekotzat deklaratu duena. 65 boluntario ditu, jarraipen eta laguntza pertsonala eta ondarezkoa eskaintzeko, eta beti zaintzen du Fundazioaren laguntza jasotzen duten pertsonek beren garapen pertsonal eta bizi-kalitate gorena lor dezaten. Haien eskubideen alde borrokatzen dute egunero-egunero.