Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Irailak 17

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio filipinar abokatu eta giza eskubideen aldeko aktibista den Czarina Musniri

Unai Hualderekin bilera egin ondoren, Musni andrea PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ordezkariekin batzartu da.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur goizean bere bulegoan filipinar abokatu eta giza eskubideen aldeko aktibista den Czarina Musni andreari.

 

Topaketa hori Associació Catalana per la Pau elkarteak sustatu du, zeinari esker lortu baitu bere herritik irten eta aldi baterako harrera-programa batean parte hartzea. Bileran halaber parte hartu dute elkarte horren hiru ordezkarik: lehendakari Xavier Cutillas Romero jaunak, proiektuen arduradun Claire Chastain andreak eta diruzain Albert Company Bolos jaunak.

 

Bileran, Czarina Musnik esplikatu du NUPL-National Union of Peoples' Lawyers delakoaren kide dela. Erakunde horrek zuzenbide arloko doako zerbitzuak ematen dizkie Filipinetan giza eskubideen urraketen biktimei eta kolektibo zaurgarriei. Musnik pertsona zaurgarrienen defentsara biltzen du bere lana, eta tokian tokiko indigena-erkidegoei lagun egiten die beren lurrak erauzpen-industrietan diharduten enpresengandik defendatzeko zereginean.

 

Associació Catalana per la Pau elkartea "bake eta armagabetzearen aldeko borrokan eta planeta honetako Ipar-Hego harremanen eraldakuntzan konprometituriko" zenbait organizazio eta gizarte-mugimendurekin lotura duten pertsona batzuek abiaturiko erakunde bat da. 1990ean eratu zenetik, garapen eta ekintza humanitarioko proiektuak egin dituzte 25 herrialdetan, tokian tokiko 50 erakunde baino gehiagorekin elkar hartuta.

 

Lehendakariari jakinarazi diotenez, haien lan-ildoetako bat da modu baketsuan jorratzen ari diren langintzaren ondorioz arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileei babesa eskaintzen dien programa, zeinaren estaldurapean kokatzen baita Czarina Musniri eginiko harrera.

 

Erantsi dute ezen, aipatu programan eta elkartearen zenbait ordezkarirekin batera, sentsibilizazio-jarduerak egiten ari dela Musni, Filipinetan giza eskubideen defendatzaileek bizi duten egoeraren berri emateko.

 

Lehendakariarekiko bilera eta gero, ordezkaritza batzartu egin da PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioen eta Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartearen ordezkariekin, beren egoera pertsonala eta Filipinetako egungo egoera ezagutarazteko.