Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroako Batzorde Islamikoaren ordezkaritza bati
Hualdek adierazi du Legebiltzarrak “jarrera garbia” duela “Nafarroan elkarrekin bizi diren kultura eta tradizioen arteko bizikidetzaren eta horien errespetuaren alde”
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek bere bulego ofizialean hartu ditu gaur Mohamed Amnay, Aboulkacem Benhallou, Rachid Benomar, Lhoussain Koulli eta Maria Cristina Martinez, Espainiako Batzorde Islamikoaren Nafarroako ordezkariak.
Bileran, Batzordearen ordezkari Mohamed Amnayk lehendakaria premiatu du “irmoki errefusatu” dezaten Talde Mistoak ekainean, Aíd al-Adha edo Arkumearen Egunaren ospakizunaren garai berean, Nafarroako Parlamentuan erregistratutako mozioa, zeinetan Nafarroako Gobernua premiatzen baita festa hori debeka dezan Nafarroako Komunitatean, gure tradizioari arrotza zaiolako.
Amnayren hitzetan, proposamen hori "bidegabea izateaz gain, fede islamikoa profesatzen duten milaka nafarren oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena da. Neurri diskriminatzailea eta baztertzailea da, eta sakonki islamofoboa".
Gogorarazi du Nafarroa bizikidetza-, errespetu- eta aniztasun-lurraldea dela, eta aldarrikatu du Nafarroako Batzorde Islamikoak "gizarte plurala” aldezten duela, "non pertsona guztiek, beren jatorria edo sinesmenak edozein izanik ere, askatasunez bizitzeko eta ospatzeko modua izanen duten".
Unai Hualdek, bere aldetik, komunitate islamikoari adierazi dio Parlamentuak, erakunde gisa, eta egun duen gehiengoarekin, jarrera argia duela Nafarroan elkarrekin bizi diren kultura eta tradizioen arteko bizikidetzaren eta horien errespetuaren alde, aipatutako ekimen parlamentarioaren guztiz kontrako zentzuan.
Era berean, Parlamentuko lehendakariak komunitate islamikoaren ordezkariak adoretu ditu lehendik ere talde parlamentarioen ordezkariekin baduten harremana areagotzera, bai eta etorkizunean Bizikidetza Batzordearen lan-saioetan agerraldiak egitera ere.