Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroako Comptos Ganberako lehendakariari
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, harrera egin dio Nafarroako Comptos Ganberako lehendakari Luis Muñoz Garde jaunari. Bileran aztergai hartu dituzte Nafarroako Parlamentuaren eta erkidegoko kontu publikoen organo fiskalizatzailearen arteko harremanak.
Torres andreak eta Muñoz jaunak hizpide izan dute Comptos Ganberak ekitaldi honetarako jarduera eta txostenen gainean taxututa daukan egitasmoa, eta aurreikuspenak egin dituzte Comptos Ganberako lehendakariak erakunde horren azken txostenak azaltzeko xedez Parlamentuko batzordeetan egitekoak dituen agerraldiei buruz. Ildo horretan, datorren astearterako, otsailak 19, Comptos Ganberako lehendakariaren agerraldi baterako deialdia egina dago. Agerraldi horrek helburutzat dauka SODENAk Iberdrolaren akzioen %1 erosteko eragiketari buruz egin den txostena azaltzea.
Comptos Ganberako lehendakariak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari jakinarazi dio Auditoriari buruzko III. Kongresu Nazionala eginen dela Iruñean, 2008ko irailaren 30etik urriaren 2ra arte, eta ardatz gisa kudeaketa publikoaren gardentasuna hartuko duela. Kongresu horren antolatzaile dira Comptos Ganbera eta Sektore publikoaren auditoriaren alorreko prestakuntza eta ikerketarako Fundazioa-FIASEP.