Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Irailak 9

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Oinez 2025era joanen dela baieztatu du

Unai Hualdek Nafarroako Ikastolen Federazioaren ordezkariei eta Paz de Ziganda ikastolako zuzendariari harrera egin die, ikastola horrek antolatzen baitu Atarrabian urriaren 19an eginen den jaia

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroa Oinez 2025 jaiaren ordezkariei harrera egin die gaur Legebiltzarraren egoitzan. Honako hauek osatu dute urriaren 19an (igandea) eginen den Oinezen ordezkaritza: Oier Sanjurjo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Josu Reparaz, elkarteko zuzendaria eta Iñaki Erroz, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako zuzendaria, ikastola horrek antolatuko baitu aurtengo jaia.

 

Paz de Ziganda ikastola, 1970ean sortua, hirugarren aldiz arduratu da Nafarroako ikastolen jaia antolatzeaz, 1991n eta 2010ean ere bere gain hartu baitzuen ardura hori. Oraingoan, ikastolaren 55. urteurrenarekin bat dator jaia. Buruz, Bihotzez, Oinez goiburupean, Zangozako ikastolaren lekukoa hartuko du, eta euskararen aldeko jaiak urtero-urtero jasotzen dituen milaka euskaltzale hartzeko azken prestalanak egiten ari da egunotan.

 

Parlamentuko lehendakariak Oinez 25aren ordezkarien ahotik ezagutu du Nafarroako ikastolen 44. jaia arrakastatsua izan dadin azken hilabeteotan egin duten lan guztia.

 

Unai Hualdek azpimarratu duenez, "Nafarroa Oinez gure erkidegoko milaka familiak gure hizkuntza, euskara, bizirik mantentzeko egindako ahalegin kolektiboaren erakusle da. Ahalegin horrek, ia beti egoera oso zailean egin baita, erakundeen errespetua eta aitortza jasotzea merezi du. Parlamentuko lehendakari naizen aldetik, beste behin jaso dut Nafarroako ikastolek antolatuta urtero milaka eta milaka nafar biltzen dituen jai horretara joateko gonbita. Eta, aurten ere, Legebiltzarreko lehendakaria han, Atarrabian, egonen da ".

 

Aurtengo jaia dela-eta, Hualdek adierazi duenez, "oraindik ere, sortu zenetik mende erdi baino gehiago igaro ondoren, beharrezkoa da ikastola honek euskarazko hezkuntzari bizirik eusteko egindako lan titanikoa aldarrikatzea eta aitortzea. Lehenbizi, Iruñetik bertatik (Uxueko Andre Maria ikastola izan zen aitzindaria), eta, gero, Atarrabia eta Burlata arteko mugatik, Paz de Zigandak lan egin du eremu geografiko zabal eta askotariko baten hizkuntza-premiak asetzeko".