Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Uztailak 23

Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza bat bisitan joan da Bertizko Jaurerriko Gazteen Boluntariotza Gunera

Unai Hualdek boluntarioei eskerrak eman dizkie, gazteriak bizi duen une “zail” honetan erakutsitako arduragatik eta kontzientziagatik

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde bisitan joan da gaur goizean, talde parlamentarioetako hainbat kiderekin batera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Ingurumen Departamentuak Bertizko Jaurerrian antolatzen duten Boluntariotza Gunera.

 

Bisitan joandako parlamentariak hauek izan dira: Ángel Ansa (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómezek, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriainek, Gazteentzako Programen Ataleko buru Jesús Beitiak, Bertizko Jaurerriko Boluntariotza Guneko arduradun Mikel Sarobek eta Bertizko Parkeko kalitatearen arduradun Haizea Díez de Ultzurrunek.

 

Parlamentuko lehendakaria eta foru parlamentariak Boluntariotza Gunean barrena ibili dira. Gunean, hainbat autonomia erkidegotatik heldu diren 18tik 24 urtera bitarteko 25 gazte egokitzapen-lanak egiten ari dira lorategi historiko-artistikoan, lorategi botanikoan, harrera-gunean eta basabideetan.

 

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi duenez, bisitaren helburua izan da “bertatik bertara ezagutzea boluntariotza guneetan egiten den lan handia eta gazteei eskerrak ematea, egindako lanagatik. Gazteentzako hain zailak diren une hauetan, garrantzitsua da gogora ekartzea gehienak arduratsuak zaretela; zuen jarrera eta sentsibilitatea eskertzea dagokigu guri”.

 

Nafarroako Gazteriaren Institutuak autonomia erkidegoekin eta Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuarekin elkarlanean antolatu dituen sei guneetako bat da Bertizkoa. Hamalau egunez, boluntarioek hainbat lan egiten dituzte; esate baterako, “bideko sastrakak kendu eta aisialdirako eremuak txukundu, heskaiak inausi, landare exotiko inbaditzaileak kendu, hesi, altzari eta eta itxiturak luzitu eta margotu, eta segurtasun-hesiaren mantentze-lanak egin”. Mikel Sarobek azaldu duenez, parte-hartzaileek “aukera dute pertsona gisa garatzeko eta beren ohiko ingurunekoak ez direnekin esperientzia bat partekatzeko, programaren osagarri diren jarduera ludiko eta kulturalak eginez”.

 

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriainek balioan jarri du “gazteriak ingurumenari dagokionez duen kontzientzia-maila handia; gazteriak aldiro gogorarazten digu ez daukagula ordezko planetarik. Jarduera hauetan parte hartzeak esperientzia-trukea ahalbidetzen duen esparru bat ziurtatzen du, bai eta herritartasun globaleko balioak barneratzea ere, kontzientzia ekologikoaren eta garapen jasangarriaren sustapenean oinarritutako hezkuntza sustatzen duelako”.

 

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómezek zehaztu du, berriz, bisita honen bidez bilatzen dela “gazte-txanda hauek egiten duten lan handia ezagutzea eta, batez ere, aitortzea; izan ere, beren ahaleginaren bidez parkearen instalazioak hobetzen laguntzen dute, herritar guztien gozamenerako”. Natur-ondarearen kontserbazio-lanetan jardutea eta aisiarako gune bat leheneratzeko eginkizunetan parte hartzea tresna bat ere bada, parte-hartzaileen artean ingurunearekiko sentsibilizazioa sustatzeko”.

 

Egiten den lanaren gorabeherak ezagutzeaz gain, Parlamentuaren ordezkariak gunean parte hartzen ari diren gazteekin bildu dira une batez, eta iritzi-trukean aritu dira haiekin, egiten duten lanari buruz, ingurumen-sentsibilizazioaren gaineko lanari buruz nahiz gazteria kezkatzen duen klima-aldaketaren auziari buruz.

 

Ondoren, ordezkaritza instituzionala Lekarozeraino joan da, Baztan gazteen aterpetxearen arduradun Ana Rivasen eskutik ezagutzeko ASPACE NAVARRAk kudeatzen dituen instalazioak. Izan ere, Boluntariotza Gunean parte hartzen ari diren gazteak Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako instalazio horietan ostatatzen dira. Gazteen aterpetxea Espainiako Gazteen Aterpetxeen Sarean sartuta dago, 130 pertsonarentzako tokia du (orain, osasun-murrizketak direla-eta, hori mugatuta dago) eta jarduerak egiteko salak dauzka, bai eta kanpoaldean kirola egiteko gune handi bat ere