Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 26

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordea bisitan joan da ADACENera

Bisitaren xedea izan da honako hauek ezagutzea: egoitza, hartutako kalte zerebrala duten pertsonekin egiten duten errehabilitazio-lana eta iktusaren prebentziorako plan estrategikoa egiteko eskaria

Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartearen 30. urteurrenaren kariaz, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordea bisitan joan da ADACENera, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek eskatuta. 

 

Bisitaren xedea izan da elkarteak Mutiloan duen egoitza nagusia ezagutzea, bai eta hartutako kalte zerebrala (HKZ) duten pertsonen errehabilitaziorako bertan egiten duten lana ere.  Egoitza horretan, ADACENek eguneko zentro bat, mendekotasunaren arretarako zentro bat eta Nafarroako Gobernuarekin itundutako egoitza bat dauzka.

 

ADACENeko lehendakari José Luis Herrerak eta zuzendari Andrés Ilundáinek egin diete harrera parlamentariei.

 

Alderdi politikoen izenean, honako hauek joan dira: Leticia San Martín, Pedro González (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa), Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa) Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Bertatik bertara ikusi dituzte neuropsikologiako, logopediako, fisioterapiako, psikopedagogiako eta terapia okupazionaleko errehabilitazio-terapiak egiteko erabiltzen diren gelak, teknologia lagun. Bertan egon den fisioterapeuta baten esanetan, "tresna berritzaile horiek ahalbidetzen dute, ohiko terapiez gain, erabiltzaileek urteetan egin beharreko tratamenduekiko interesa mantentzea".

 

Egoitzan orobat daude jangela, atseden hartzeko aretoa, tailerra, gimnasioa, formakuntza-aretoa, lorategi terapeutiko berri bat eta erabilera anitzeko beste zenbait gune.

 

Gizarte-langileen ekipoak erabiltzaileen nahiz horien familien beharrizanak artatzen ditu, eta iktusaren eta trafikoko istripuen prebentziorako programa bat dauka.

 

Elkartearen zuzendari Andrés Ilundáinek azaldu du ADACENek Espainiako lehenbiziko Living Lab neurologikoa duela eta Living Labs-eko Europako Sarean (Enoll) sartuta dagoela. Bestalde, SINAI-Nafarroako I+G+b Sisteman dagoen gizarte-entitate bakarra da, entitate berezi gisa baitago sisteman sartua.

 

ADACEN lankidetzan aritzen da zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta enpresekin, HKZ duten pertsonen errehabilitaziorako teknologia berritzaileak garatzeko, horien premiak zuzenean ezagutzen baititu.

 

 Une honetan proiektu bat garatzen ari dira, jatorri industrialeko exoeskeleto bat erabil dadin hemiparesia (besoaren eta eskuaren mugiezintasuna) duten pertsonen mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, zeina hartutako kalte zerebralaren sekuelarik nagusietako bat baita.

 

Indurainek orobat hitz egin du pertsona erdigunean jartzen duen arreta-ereduaz, horrek gidatzen baitu elkartearen jarduera guztia: erdigunean jartzen du erabiltzailea, eta hartara erraztu egiten du hark bere bizi-proiektua egin dezan, behar duen babesarekin eta laguntzarekin. "Kaltetutako pertsonaren eta haren familien bizitzak aurrera darrai, baina ezberdina izanen dela onartu behar dute. Berritik ekin behar diote, eta hemen prozesu horretan lagun egiten diegu".

 

Bisitan, ADACENen ordezkariek gogora ekarri dituzte Parlamentuaren Osasun Batzordean orain dela gutxi egindako lan-bilkuran jada egindako eskariak.

 

Horien artean nabarmentzeko modukoa da zeinen garrantzitsua den iktusaren desafioari halako moduz heltzea non, "prebentzio eta tratamendurako baliabideetan inbertitzeaz gain, iktusa gainditu baina sekuelak dauzkatenentzako arreta-eredu berritzaile eta efizienteak bultzatuko baitira".

 

Adierazi dutenez, beharrezkoa da pazientearen ikuspuntua jasotzea arreta-prozesu osoan zehar, eta antolaketa eta lankidetza estrategia integratu bat taxutzea inplikatuta dauden alde guztien artean (iktus unitateko profesionalak, Ubarmin, oinarrizko osasun-laguntza, osasun publikoa, senideak eta pazienteak). Horregatik da funtsezkoa paziente-elkarteek lagun egitea gaixotasunaren hasieratik beretik eta errehabilitazio-prozesuan zehar, desgaitasuna murriztuko bada.

 

Gauzak horrela, azpimarratu dute beharrezkoa dela erabiltzaileen osasun-premien epe luzeko ikuskera edukitzea, babesa ziurtatuko duena, zein ere diren pazientearen bizilekua, adina, sekuelak edo ahalmen  ekonomikoa.

 

Azkenik, prebentzio-programak garatzearen garrantzia nabarmendu dute, are gehiago kontuan hartzen bada iktusen % 80 bizimoduari zor zaiola. Egitate bat da iktuseko pazienteak gero eta gazteagoak direla.

 

Lan-bilkuran –gogorarazi dute– datuak aztertu ziren: iktusak prebalentzia handia du, eta kalkulatzen da bizitzan zehar 5 pertsonatik batek izanen duela iktusa. Espainian, hiltzeko lehenbiziko arrazoia da emakumezkoen artean, eta bigarrena gizonezkoen artean. 16.000 emakume inguru hiltzen dira urtero hori dela-eta; bularreko minbiziagatik hiltzen direnak halako bi baino gehiago. Laneko ezintasuneko lehenbiziko kausa ere bada". HKZ duten emakumeak, dena den, bereziki zaurgarriak dira, gizonezkoek baino gutxiago eskatzen dutelako desgaitasunaren aitortza administratiboa.

 

Kalte zerebralari dagokionez, premiarik handiena da diagnosi-kategoria bat sortzea akutuen ospitalean –Hartutako Kalte Zerbrala–, arreta premiak eta irizpideak zehazteko eta asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko. Bai eta zentsu bat taxutzeko, arreta-premiak baloratzeko eta bizi-kalitatea nahiz gizarteratzea ziurtatze aldera beharrezkoak diren baliabideak ezartzeko ere.

 

Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartea laurogeita hamarreko urteetan sortu zen, familia batzuen ekimenez sortu ere, kalte zerebralak kaltetutako pertsonentzako eta haien gertukoentzako baliabiderik ez zegoela ikusita, paziente horien autonomia, errehabilitazioa eta tratamendua sustatzeko. Kalte zerebralak uzten dituen sekuelei dagokienez gure erkidegoan dagoen elkarte espezializatu bakarra da, sarritan bizitza osorako izaten direnak, gutxi-asko.

 

Eskubide Sozialetako Departamentuarekin egiten dituen hitzarmenen, entitate publiko nahiz pribatuen dirulaguntzen, dohaintzen eta bazkide-kuoten bidez finantzatzen da. Baliabide ekonomikoen atalak arreta berezia merezi du, zeren eta familia askok beren diru-sarreren parte handi bat bideratzen baitute hartutako kalte zerebralarekin lotutako gastuetarako.

 

Azken urteotan, entitatea baliabide berekiak sortzen hasia da, mendekotasuna duten pertsonen arretan duen eskarmentua eskainita: enpresentzako aholkularitza Erantzukizun Sozial Korporatiboa ezartzeko, profesionalentzako prestakuntza (Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zentro akreditatua baita) eta errehabilitazio-zerbitzu espezializatuak.

 

Lortzen dituen etekin ekonomikoak beti erabiltzen dira elkartearen beraren mesedetan.

 

Mutiloako egoitzaz gain, non 75 pertsonari ematen baitzaio arreta, ADACENek Iruñeko Azpilagaña auzoan eta Tuteran ere ematen du zerbitzua (27 eta 17 pertsonari, hurrenez hurren).