Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Martxoak 25

Nafarroako Parlamentuko Unibertsitate Batzordeak bisita egin du IRIS Nafarroa Berrikuntza Digitaleko Polora

Talde parlamentarioen ordezkariek aukera izan dute Foru Komunitateak berrikuntzan eta digitalizazioan daukan jakintza guztia kontzentratzen duen gune hori ezagutzeko.

Nafarroako Parlamentuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak gaur goizean bisita egin du Iruñean berriki inauguratutako IRIS Nafarroa Berrikuntza Digitaleko Poloaren instalazioetara. 

 

Honako batzordekide hauek dira bisitan joandakoak: Cristina López (UPN t.p.), Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN t.p.), Irati Jiménez (EH Bildu t.p.), Javier Ollo (Geroa Bai t.p.), Irene Royo (PPN t.p.), Miguel Garrido (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa t.p.) eta Maite Nosti (atxiki gabea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote IRIS Nafarroa proiektuaren kudeatzaile Juan Narro eta Beatriz Andión jaun-andreek, eta medikuntza pertsonalizatuko eta laborategietako zuzendari Gonzalo R. Ordóñez jaunak.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Zurekin Nafarroa talde parlamentarioen ekimenez egin da, xede harturik "bertatik bertara ezagutzea berriki inauguraturiko IRIS Poloaren instalazioak", zenbait arlotan dihardutenak, hala nola biologia molekularra eta sintetikoa, ekoizpen birtualak eta telekomunikazioak.

 

NASERTIC sozietate publikoak kudeatzen duen Polo hori El Sario eraikinean dago kokatuta, eta Foru Komunitateko berrikuntza-ekosistemako 40 entitate publiko-pribatu garrantzitsuenak biltzen dituen saiakuntza- eta proba-zentro bat da.

 

Juan Narrok azalpenak eman ditu Poloaren eskaintza osatzen duten 200 zerbitzu baino gehiago diren horien (eta ez hornitzaileen) bitartekari gisa betetzen dituen zereginei buruz. Bakar-bakarrik 2024an, mila kontsulta baino gehiago jaso dira.

 

 "Uztarri-lana egiten dugu, beren digitalizazio-mailak hobetu beharra duten enpresa edo erakundeen eta premia horietarako berariazko soluzioak helarazteko behar diren zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateen artean", azaldu du.

 

Batez ere ETEak, mikroETEak eta lan autonomoa hartzen ditu ardatz bere zereginean, bai eta zentro teknologikoak, unibertsitateak eta erakunde publikoak ere. Dena den, zentroak jomuga ditu herritarrak ere, elkartopaketarako, prestakuntzarako eta gizarte digitaleranzko aurrerapausoak emateko sentsibilizazio-gune gisa pentsatuta baitago, nafarren bizi-kalitatea hobetuko duena.

 

Bestetik, Poloak halaber dihardu hornitzaile teknikoek emandako zerbitzuak homologatzeko agintaritza eskudun gisa. Hornitzaile horiek betiere izanen dira nafar enpresak, edo Foru Komunitatean lantegiak dituztenak. 

 

Erabateko sekuentziatze genetikoa dute 4.000 nafar baino gehiagok

 

Zentroaren baliabide desberdinen artean beren garrantziagatik nabarmentzen dira Biologia Sintekikoko, Biologia Molekularreko eta Sekuentziatze Masiboko laborategiak. Horien bidez, Nafarroa biologia sintetikoan nazioarteko erreferente bihur dadin bilatzen da.

 

Laborategietako guneek eta ekipamenduek zerbitzu aurreratuak eskaintzeko modua ematen dute, genoma-analisirako, DNAren sintesirako eta proteinak nahiz zelula-sistemak ekoiztu eta karakterizatzeko.

 

Alor horiek sumatzen dira, hain zuzen, hurrengo iraultza teknologiko handiaren parte gisa. Iraultza hori askotariko alorretan gertatuko da, hala nola biomedikuntzan, elikaduran, energia-ekoizpenean, informazioaren teknologietan eta giltzarri diren beste sektore batzuetan.

 

Alde horretatik, IRIS Nafarroa Poloaren ekipamendua Europa osoan aitzindari da, eta herrialde osoan genoma-sekuentziatzea eskaintzen duten hiru zentroetako bat dugu, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren IMPaCT Proiektuaren abaroan.

 

Medikuntza pertsonalizatuko eta laborategietako zuzendari Gonzalo R. Ordóñez jaunak gogorarazi du Nafarroak gaur egun 4.000 paziente baino gehiago dauzkala beren genoma osorik sekuentziatuta daukatenak, eta horrek esan nahi duela Foru Komunitatea dela alde horretatik bere populazioarekiko indizerik altuena duen Espainiako erregioa.

 

Gune funtzioaniztunak

 

Nahiz eta 2023ko apirilaz geroztik Poloaren lanak egoitza fisikorik gabe egin diren, instalazio berean bateratzeak modua eman du ez bakarrik eskatzaile diren entitateen eta hornitzaileen arteko lotunea gauzatzeko, baizik eta ekipamendu jakin batekin aurretiazko esperimentatzea posible egiteko ere.

 

Coworking-guneak 54 lanpostu ditu, premia profesional desberdinak asetzeko diseinatuak. Postu horietako batzuk entitate finkoei daude esleituta, eta haiek beren bulego berri gisa erabiliko dituzte; beste batzuk beharrizan noizbehinkakoagoak dituzten profesionalei zuzentzen zaizkie: dela proiektu zehatzetarako, dela beste profesional batzuekiko harremanetarako eta elkarlanerako gune baten bila ari direnentzat.

 

Besteak beste, zentroak erabilera anitzeko areto bat dauka, toki moldaerraz gisa apailatua, 90 edo 100 bat pertsona hartzeko prestatua; ekoizpen birtualeko areto bat ere badauka, ahalmen handiko ikus-entzunezko sistema batez hornitua; laborategi digital bat ere bai, bitan banatua (alde presentzial bat eta urruneko jardunerako beste bat), eta bilera-areto hibrido bat.

 

Hitz egiteko txandetan, talde parlamentarioen eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta informazioa bildu dute beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko, hala behar izanez gero.