Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Apirilak 21

Nafarroako Parlamenturako eta foro erkidegoko 346 kontzejuetarako hauteskundeak egiteko deialdia egin da

Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura ekainaren 16an eginen da, hauteskundeak egin eta hiru astera. Hauteskundeak maiatzaren 28an eginen dira, udal hauteskundeen egun berean

HAUTESKUNDE DEIA

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamenturako eta 348 kontzejuetarako hauteskundeetara deitzeko dekretu bana onetsi ditu martxoaren 29an eta apirilaren 3an. Hauteskunde horiek maiatzaren 28an eginen dira, igandez, eta egun berean Espainia osoan, Gobernu zentralak deituta, udal hauteskundeak eginen dira (272 udal daude Nafarroan).

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskunde deia egin duen foru dekretuak hauteskunde kanpainaren hasiera eta amaiera egunak ere ezarri ditu: kanpainak hamabost egun iraunen du, maiatzaren 12an hasiko da eta 26an amaituko, 00:00etan. Parlamentua eratzeko bilkura ekainaren 16ean eginen da, 11:00etan.

 

PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen bidez arautzen dira. 50 parlamentari hautatzen dira hauteskunde-barruti bakarrean. Hautagaiak zerrenda itxi eta blokeatuetan aurkezten dira, eta herritarrek emandako botoen arabera banatzen dira jarlekuak, D’Hondt legearen bidez zuzendutako sistema proportzional batean.

 

Ekainaren 16ko eratze-bilkuran, Parlamentuak bere lehendakaria eta hurrengo lau urteetan erakundea gobernatuko duen Mahaia hautatuko ditu.

 

Egun horretatik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria aurkezteko eta, kasua bada, hautatzeko prozedura eginen da.

 

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria Parlamentuak hautatzen du bere kideen artetik, eta erregeak izendatzen du.

 

a) Proposamena. Parlamentua eratu eta 10 eguneko epean, Parlamentuko lehendakariak kontsulta egin behar die bertan ordezkaturik dauden alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunei, hautagai bat proposatu behar du, eta osoko bilkurarako deia egin behar du, 3 egun lehenagotik, gutxienez.

 

b) Inbestidura eztabaida. Parlamentuko lehendakariak proposamena jakinaraziko du. Horrela hasiko da inbestidura bilkura. Ondoren, hautagaiak bere programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe. Talde parlamentarioak hogeita hamarna minutuz mintzatu ahalko dira, handienetik hasi eta txikieneraino; hitz egiten azkena Talde Mistoa izanen da, eta dagokion denbora taldekideen artean banatu ahalko du. Hautagaiak nahi duen guztietan erantzun ahalko die taldeei, banaka edo batera, eta taldeek eskubidea izanen dute hari ihardesteko, Legebiltzarreko lehendakariak erabakitzen duen denboraz.

 

c) Bozketa. Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da. Lehendakariak aurrez ezarritako orduan eginen da. Hautagaiak gehiengo osoa lortzen badu, konfiantza eman zaiola ulertuko da; halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan beste bozketa bat eginen da, eta horretan konfiantza eman zaiola ulertuko da gehiengo soila lortzen badu.

 

d) Izendapena eta karguaz jabetzea. Hautagaiari konfiantza ematen bazaio, Parlamentuko lehendakariak erregeari jakinaraziko dio hori, hautagaia Nafarroako Gobernuko lehendakari izenda dezan, BOEn eta NAOn argitaratuko den errege dekretu baten bidez; dekretu hori NAOn argitaratzen denetik 10 egun natural iragan baino lehen, lehendakari hautetsia karguaz jabetuko da, zin edo promes eginez Parlamentuko lehendakariaren aurrean (abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 24. eta 25. artikuluak).

 

Hautagaia arbuiatzen bada, hurrenez hurreneko hautagai-proposamenak izapidetu beharko dira modu berean.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta gero hiru hilabete iragan eta hautagairik aurkeztu ez bada edo aurkeztu direnetatik inor hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta beste hauteskunde batzuk deituko dira berehala. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko legealdi osoa iraunen du.

 

Parlamenturako hauteskundeak

https://elecciones.navarra.es/eu/

 

KONTZEJUETARAKO HAUTESKUNDEAK

348 kontzejuetarako hauteskundeei burKontzejuetarako hauteskundeakuzko foru dekretuak kontzejuetako kideak hautatzeko sistema eta erabili behar diren txartel, gutun-azal eta inprimakien ereduak ezartzen ditu.

 

Kargu hauek bete behar dira oraingo hauteskundeetan:

 

- 50 biztanle baino gutxiago izateagatik kontzeju irekien araubidearen bidez arautu behar diren kontzejuetako lehendakariak (160).

 

- 50 biztanle baino gehiago izateagatik batzar bidez arautu eta administratu behar diren kontzejuetako batzarretako lehendakariak eta bokalak. Batzar bakoitzean lehendakaria eta lau bokal izanen dira (188 kontzeju).

 

Halaber, kontzejuen zerrenda onetsi da, hurrenkera alfabetikoan antolatua, kontzejuak udalerrietan bilduta. Kontzeju bakoitzari dagokion udalerria zehazten da, bai eta kontzeju bakoitzean Kontzeju Irekiko lehendakaria ala Batzarreko lehendakaria eta kideak hautatu behar diren ere.

 

Kontzejuetarako hauteskundeak

https://elecciones.navarra.es/eu/kontzejuetarako-hauteskundeak%C2%A0