Nafarroako populazio osoari zerbitzu emateko fiskal-lanpostuak sor ditzan Espainiako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da
Legebiltzarrak giza baliabideak eskatzen ditu fiskalen gehiegizko lana arintzeko eta legezkotasunaren alde eta herritarren eskubideen alde justiziak egiten duen lana susta dadila bermatzeko
Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen du sortu beharreko fiskal-lanpostuak sor ditzan, Nafarroako populazio osoari eta egun diren jurisdikzio organoei zerbitzu emateko, Nafarroako Justiziaren beharrizanei erantzun, haren eraginkortasuna eta kalitatea areagotu eta herritarrei eskubideen babes judiziala bermatze aldera.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernuari eskatzen dio “Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzari uneoro behar diren giza baliabideak eman diezazkion, bermatze aldera Konstituzioak ezarritakoa, hau da, legezkotasunaren alde, herritarren eskubideen alde eta legeak zaindutako interes publikoaren alde Justiziak egiten duen lana sustatzea, bai ofizioz bai interesdunek eskaturik”.
Navarra Suma talde parlamentarioak gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen "Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzari uneoro behar diren baliabide material eta teknikoak eman diezazkion, bermatze aldera Konstituzioak ezarritakoa, hau da, legezkotasunaren alde, herritarren eskubideen alde eta legeak zaindutako interes publikoaren alde Justiziak egiten duen lana sustatzea, bai ofizioz bai interesdunek eskaturik”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren 2018ko ekitaldiari buruzko oroitidazkia oinarri hartzen du, adieraziz bederatzi urtetan plantillako lanpostuen kopuruan aldaketarik eman ez denez, Nafarroakoa “biztanle kopuruagatik fiskal gutxien dituen fiskaltza” dela, 100.000 biztanleko 3,27ko ratioarekin, batez besteko nazionala 5,2koa den bitartean.
Sustatzaileak ohartarazten du fiskalen “gehiegizko lanak” ondorio larriak dituela herritarrengan, esaterako, auzien kudeaketan atzerapenak egiten ditu, hala nola legeek ezarritako epeetan edo adingabeen azterketetan. Adierazten denez, ondorio hauek “eragozten dute herritarrek benetako eskubidea edukitzea beren eskubide eta interesak babestuak izan daitezen, legeak ezartzen duen moduan, eta jardunbide egokien gaineko iradokizunak bete daitezen. Azken batean, atzerapenek justizia okerragoa izatea ekartzen dute, kalitatezko zerbitzu publiko bat izan beharrean”.
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan izan dira Jorge Esparza, Miguel Bujanda, Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, José Suárez, Elena Llorente (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Patricia Fanlo (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (24. NPAO, 2019-10-15ekoa)