Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legea indargabetu da

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek akordio politiko eta instituzional bat defendatzen dute, zeinak “herritarren asmo zilegi guztiak biltzen dituen eta lege barne-hartzaile bat” ekarriko duen

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legea indargabetzea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin.

 

Indargabetzeko foru legeak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatu dutenak, Nafarroako ereserki gisa mantenduko du Gorteen Himnoa, harik eta Sinboloei buruzko Foru Lege berri bat onetsi arte, behintzat.

 

Zioen azalpenean argudiatu da 24/2003 Foru Legearen babesean abiarazitako “bazterketaren eta debekuaren bideak” aukera eman duela “konfrontaziorako eta toki entitate desberdinetan (...) gehiengoen onespena zuten sinboloen debekurako”, eta, “tolerantzia- eta integrazio-politika demokratiko” baten mesedetan, beharrezkoa dela “indarrean dagoen Sinboloei buruzko Foru Legea indargabetzea”.

 

Proposamengileen ustez, 24/2003 Foru Legeak arauketa “murriztailea” dauka, honako hau ezartzen baitu: “Nafarroako bandera bereizgarri gisa publikoki erabiltzeak ezinezko bihurtzen du haren ondoan aldi berean besterik jartzea, non ez den Espainiakoa, Europakoa, eta Nafarroako toki entitate bakoitzak duena”. Eta, horren aurrean, beharrezkoa da “herritarren asmo zilegi guztiak bilduko dituen akordio politiko eta instituzional bat” lortzea.

 

Horri dagokionez, 24/2003 Foru Legeak defendatzen dituen “erakundeen aldetiko errealitate faltsu baten irudi okerra” ez emateko nahia eta “egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukera” zalantzan jartzen dira, eta gogorarazten da arau horrek, “bestelako banderen erabilera zuzenbidez guztiz deuseza” dela adierazteko sortu zenak, ez duela balio izan funtsezko arazoa konpontzeko, baizik eta hamarkada batetik gorako aldian demandak metatzeko.

 

UPN eta PPNk Osoko Bilkuren Aretotik alde egin dute. Aurretik lehendakariak bost minutuko etenaldia egiteko agindu du, bandera desberdinak zabaldu direnean UPN eta PPNren aulkietan (Nafarroako bandera) eta I-Eren aulkietan (Errepublikarena). Ainhoa Aznarezek ikur guztiak kentzeko eskatu du, Javier Esparzak ezetz erantzun du eta I-Ek berriro jarri du Errepublikaren bandera. “Konstituzioaren aurkakoa” delakoan, UPN eta PPNk alde egin dute aretotik.

 

Geroago, lehenengo eledunaren hitzaldiaren erdian, Adolfo Araiz (EH Bildu), Javier Esparza (UPN) eta Ana Beltrán (PPN) beren aulkietara itzuli dira eta aurkako txandan hitz egin dute. Gonbidatuen palkoan zabaldu duten bandera bertan egon da Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Legea indargabetzeko Foru Lege proposamenaren eztabaida bukatu arte.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (33. NPAO, 2017-02-16koa)