Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 28an
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur. Bigarren foru lege horren kasuan, aldaketaren bidez neurri batzuk ezarri nahi dira enplegatu publikoen lanpostuak eta lan-baldintzak blindatzeko.
Gobernuari eusten dioten lau taldeek sustatutako lege proposamenak, zehazki, Orain Bai taldeko lau parlamentariekin lortutako akordioak jasotzen ditu. Halaxe iragarri zuten urtarrilaren 31n, Toki Administrazioaren azken erreforma onetsi zen bilkuran.
Xede horrekin, planteatzen da Langileen Azpibatzordea sortzea Eskualdeko Batzorde Teknikoaren barnean. Ukitutako toki entitateen ordezkariek eta Batzorde Teknikoaren parte izateko izendatutako ordezkaritza sindikalak osatuko dute azpibatzorde hori, eta “enplegatu publikoen lan-baldintzei eragiten ahal dien edozein auzi” bideratzeaz arduratuko da. Horretarako, kasua bada, “txostena emanen du, eta hura eranskin gisa gehituko zaio Batzorde Teknikoak Nafarroako Gobernuarentzat idazten duen txostenari”.
Testuinguru horretan proiektatzen da toki entitateei debekatzea “arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo ekoizpenekoetan oinarrituta” deuseztatzea jada sinatuta dagoen kontraturik. Horri dagokionez, azpimarratu egiten da zerbitzu publikoen berrantolaketak balio behar duela “haien kalitatea eta prestazioaren eraginkortasuna hobetzeko, eta inola ere ez enplegua suntsitzeko”.
UPNk “udal autonomiaren printzipioa eta bere langileei dagokienez Toki Administrazioak duen eskubide xedaezina” ekarri zituen gogora neurri horren aurka egiteko, baina haren zuzenketa ezetsi egin zen, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurka bozkatuta eta PSN abstenituta. PPNk soilik bozkatu zuen alde.
Era berean PSNk ezin izan zuen aurrera atera bere asmo hau: Nafarroako Gobernuak eskualdearen eraketaz jarrerarik adierazi ezin izatea, eta prozedura artxibatzea “baldin eta eskualdearen parte izateko proposatutako udalerrien bi bostenek edo kasuko lurraldeko hautesle erroldaren erdiak sartzearen kontra daudela berariaz adierazten badute. Horrek ekarriko luke prozesu berri bati ezin ekitea harik eta hurrengo udal hauteskundeetatik ateratako udalbatzak sortu arte”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoek gaina hartu diote PSN eta PPNren sostenguari. Hortaz, ez da aldatuko 6/1990 Foru Legearen 359. artikuluko 2. apartatua.
Batzordean egindako eztabaida-saioan beste lau zuzenketa eztabaidatu eta onetsi ziren. Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek horietako hiru sinatu zituzten, eta azkena, talde horiez gain, UPNk eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik ere sinatu zuten.
Hala, ziurtatzen da, batetik, egungo administrazio zerbitzuen batasunek indarrean jarraituko dutela toki entitate gisa, harik eta haien ordez eskualdeak eratu eta haien eskumenak eta langileak beren gain hartu arte. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek sinatutako zuzenketa horren bitartez segurtasun juridikoa eman nahi zaie entitate horiei, langileak “zuzenbide-linboan, mendekotasun organiko eta funtzionalik gabe” ez uzteko. PPNk alde bozkatu du, eta PSN abstenitu egin da.
Bestalde, lehentasuna ematen zaio Nafarroako toki entitateetako idazkaritza-postuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendari. Legea indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epean sortu beharko du zerrenda hori Toki Administrazioko Departamentuak.
4/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zen bezala, Foru Komunitatearen gaikuntza daukaten toki funtzionarioak automatikoki izanen dira zerrenda horretara gehituak, hain zuzen ere zerrendaren hasierara. Langile horien arteko lehentasun-hurrenkera antzinatasunari erreparatuta ezarriko da, eta zerbitzu-eginkizunen araubidean beteko dute aldi baterako jarduna. Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek eskatuta gehitu den aurreikuspen hori Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen babesarekin eta UPN, PSN eta PPNren abstentzioekin onetsi da.
Hizkuntzaren eremuan, Euskaltzaindiaren irizpideei jarraituz, Nafarroako biziguneen izenak eta haiek erabiltzeko eta grafikoki adierazteko irizpideak doitzea erabaki da. Hala, izen ofizial elebidunen kasuan, gaztelaniazko izenarekin batera euskarazko izena “kasu guztietan” adieraziko da. Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren zuzenketak aurrera egin du Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abalarekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin.
Irizpena egin ondoren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena legegintzaldiko azken osoko bilkurara eramanen da ostegunean, hilak 28, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
Gogoratuko denez, iragan urtarrilaren 31n Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea onetsi zuen, Nafarroako lurraldea berrantolatzeko, egungo mankomunitate sektorialak, administrazio zerbitzuen batasunak eta udalez gaindiko beste entitate batzuk integratuko lituzketen 12 eskualderen sorreratik abiatuta.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (19. NPAO, 2019-02-12koa)