Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Urriak 24

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzea onetsi dute

Araudia urratzeagatik bozketa errepikatu ondoren, etxebizitza hutsak zergapetuko dituen zerga bat sortzeak beharrezko zuen gehiengo absolutua lortu du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur.

Arratsalde honetako bozketa legea bultzatu dutenek araudiaren 153.3. artikulua urratzea oinarri hartuta egin duten erreklamazioaren ondoren egin da, izan ere, bertan adierazten da gehiengo absolutua behar duten foru lege proiektu eta proposamenen bozketa hasteko ordua “parlamentuko lehendakariak aldez aurretik jakinaraziko” duela, baina ez da horrela izan.

Goizean, parlamentari ugari ez egoteagatik ezin izan da araua onesteko beharrezkoa zen gehiengoa lortu; UPNk eta PPNk haren aurka emandako 15 boto jaso ditu eta gainerako taldeen 20.

Socialistas de Navarrak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek aurkeztu duten foru lege proposamenak etxebizitza hutsen (lehen utzitako) gaineko zerga bat arautzea jasotzen du, derrigorrezkoa izanen dena, zeinak zergapetuko duen Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legean araututako Etxebizitza Hutsen Erregistroan agertzen diren udalerriko etxebizitzen “titulartasuna”.

Zehazten denez, zerga-oinarria lurraldeko kontribuzioaren ordainarazpenerako indarrean dagoena izanen da. Zerga honen kuota sei hilabetekoa izanen da eta zerga oinarriari karga-tasa aplikatuz kalkulatuko da, zeina % 0,10etik % 0,50era bitartekoa izanen den. Karga-tasa bera izanen da udalerri osoan. Batzordean irizpendu zenez, zerga hori bigarren urtean % 0,50 eta % 1 artekoa izango da, eta hirugarrenetik aurrera % 1 eta % 1,5 bitartekoa.

Zergatik salbuetsiak geratzen dira etxebizitza zein herritan dagoen, beren zereginak handik kanpo bete behar dituzten funtzionario eta langile publikoen titulartasunpeko etxebizitzak, bai eta gizarte alokairurako administrazio publikoaren esku utzi diren etxebizitzak ere.

Ez dira salbuetsita geratzen, orain arte bezala, administrazio publikoak titular dituzten etxebizitzak. Nolanahi ere, salbuespenak etxebizitza bakarra hartuko du.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 64. zk., 2013-06-11koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 107. zk., 2013-09-24koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 116. zk., 2013-10-11koa)