Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa seme-alabatasunari dagokionez aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko maiatzak 10

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa seme-alabatasunari dagokionez aldatzeko Foru Legea onetsi du gaur, aho batez eta irakurraldi bakarrean.

 

Konstituzio Auzitegiak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioko 71.b) legearen konstituzio-kontrakotasuna deklaratu zuen, ez zelako bateragarria Konstituzioaren 24.1 eta 39.2 artikuluekin (gurasotasunaren ikerketari buruzkoa eta benetako babes judizialerako eskubideari buruzkoa). Deklarazio horri arauzko erantzuna ematea du helburu UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek sustatutako foru legeak.

 

Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 24ko 41/2017 Epaiak urtebeteko epea ezarri zuen Foru Berriko manuak Konstituzioan ezarritakoari egokitzeko, gurasoei bidea emanez ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna zehazteko demanda jarri ahal izateko, Nafarroako Zuzenbide Zibilak seme-alabei bakarrik ematen baitzien aukera hori.

 

Horretarako, legeak aitari eta amari ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioaz baliatzea ahalbidetzen die. Seme-alabatasuna oraindik zehaztu gabe dagoen kasuetan, beharrezkoa da aurretiazko aitorpena, zeina zabalagotu egiten baita jadanik zendutako seme edo alaba barnean hartzeraino —orain arte ez baitzen ezein kasutan aintzat hartzen—, zendutako horrek ondorengorik utzi ez badu.

 

Aitorpena seme-alabatasuna zehazteko eraginkorra ez den kasuetan soilik izanen du gurasoak modua seme-alabatasuna deklaratzeko akziora jotzeko, barne dela jada zendutako seme edo alabarena, aipatutako baldintzetan.

 

Dena den, bide horren abusuzko erabilera eragozteko, eta familia-egonkortasunaren, seme edo alabaren interes gailenaren eta egia biologikoaren arteko oreka bermatzearren, akzioa iraungitzeko urtebeteko epea ezartzen da, eta modua ematen da agintaritza judizialak era horretan zehaztu den seme-alabatasunaren eraginak mugatu ahal izateko, betiere bere erabakia arrazoituz.

 

Bestalde, legean adierazten denez, aitorpenaren errefusa pertsona aitortuaren interes gailenean oinarritu beharko da. Errefusa urtebeteko epean formalizatu beharko da, borondatezko jurisdikzioko izapideak betez. Horrekin batera, aitortutako pertsonak adin-nagusitasuna lortu edo gaitasuna berreskuratu ondoren aitorpena aurkaratu ahal izateko zeukan diskrezionaltasuna kendu egin da.

 

Zehazten da, ildo horretan, seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa baliatzea zilegi duen pertsona orok hura aurkaratzeko eskumena ere baduela. Hala, adingabea zelarik edo gaitasuna judizialki etenda zeukalarik aitortua den pertsonak aitorpena aurkaratzeko ahalmena izanen du, bai eta hil ondoren aitortua den pertsonaren ondorengoek ere. Amak senarraren aitatasuna aurkaratu ahal izatea ere onartzen da, betiere seme edo alabaren interesaren alde, eta aintzat hartzen da aitatasun biologikoaren berri ez izatea.

Xedatzen da, azkenik, seme-alabek ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna deklaratzeko akzioa egikaritu ahalko dutela beren bizitza osoan zehar, eta ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunera hedatzen da ezkontzako seme-alabatasunerako akzioa egikaritze aldera hirugarrenei aitorturiko legitimazioa.