Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2022ko azaroaren 24an
Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea onetsi du gaur aho batez. Testuak genero-ikuspegidun araudi propio bat atontzen du, ikusmolde berriei eta gizarte digitalaren beharrei egokitua, populazioaren zahartzea erakusten duen egoera demografiko batean.
Gobernuak abiarazitako legeak xede du foru legedia moldatzea Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora, era horretan arau-sakabanaketa gaindituz aurrerapausoak ematen segitze aldera gizarte inklusiboago eta irisgarritasun handiagoko baterantz, zeinak autonomia bermatuko baitu, diskriminazioa ekidinen baitu eta aukera-berdintasuna sustatuko baitu; batik bat aintzat harturik zaharrak eta urritasunak dituzten edo beren inguruarekiko harremanean aldi baterako zailtasunak dauzkaten pertsonak.
Eredu asistentziala gaindituta, eta 2019-2025erako Nafarroako Desgaitasun Planaren ildotik –zeinak, Europako 2010-20 Estrategiatik abiatuz (orain, 2021-30ekotik), Nazio Batuen Konbentzioaren helburuak jaso baitzituen– irisgarritasun unibertsala ikuspegi transbertsal batetik aldarrikatzen da, halako moduz non parte-hartzea errealitate izanen baita gizarte-arlo guztietan eta, batez ere, hauetan: osasungintza, eskubide eta zerbitzu sozialak, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, kultura, turismoa, kirola eta aisialdi-jarduerak.
Horretarako, erabakiak libreki hartzeko eskubidea betetzearren, printzipio horretan ardazten baita autonomia pertsonala eta gizarteko parte-hartzea, aldarrikatzen da gaitasun juridikoa aitortua izan dadila, era horretan nazioarteko, Europako eta estatuko araudirik berrienaren ildotik, babes- eta sostengu-sistema bat ezartzeko, zeinak bideratuko baitu bizitza beregainerako nahitaezkoa den legezko gaitasunaren egikaritzea.
Hori horrela, eta ororentzako diseinuaren erregelaren bidetik, jasotzen da formatu egoki eta ulergarrietan behar direla eskuragarri jarri informazioa eta baimen-ematearen ereduak (aipamen berezia egiten da sektore publikoko erakundeen webguneez eta gailu mugikorretarako aplikazioez), eta oztoporik gabeko irispidea eduki behar dutela inguruneek, prozesuek, produktuek, ondasunek eta zerbitzuek.
Estatuari dagokio oinarrizko baldintzen arauketa; halere, Foru Komunitateak eta haren toki entitateek zilegi izanen dute esparru hori hobetu edo areagotzea, 12/2018 Foru Legean aurreikusi gabeko aplikazio-eremu berriak gehituz (osasungintza, gizarte-babesa, zerbitzu sozialak eta garapenerako lankidetza).
Hori guztia, oharturik ezen desgaitasuna edo bestelako urritasunak dituzten pertsonen kopurua nabarmenki haztera doala, populazioa zahartu eta bizi-itxaropena luzatu ahala. Horri buruz, eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren datuen arabera, kalkulatzen da % 65,8koa izanen dela mendekotasun-tasa 2035ean.
Legea abiatzen da desgaitasuna duen pertsonaz halako kontzeptu bat ezarriz non, ikuspegi biomedikoa gainditurik, aintzat hartzen baita gizarte-irizpidea, zeinak eskatzen baitu gainerako esparruetan ere jardutea. Beste hainbeste gertatzen da autonomiari eta diskriminaziorik ezari dagokienez: gai horietan, ekintza positiboko neurri batzuk taxutzen dira, berdintasun formal hutsaz harago balioen aldaketa bati bultzada emateko, baita genero-ikuspegitik ere, kasu honetan emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren eskutik, besteak beste. Biktimen arretarako zentro eta zerbitzu guztiak zeharo irisgarri izanen dira.
Arlo horretan, eta prebentzio-ikuspegi batetik, muin-muineko auziei heltzen zaie, hala nola desinstituzionalizazioa, artatze pertsonala, esku-hartzearen bideak edo telelaguntza.
Gobernuak bidalitako testua hezkuntza inklusiboaren betekizunak zehazteaz ere arduratzen da, unibertsitatez kanpoko nahiz unibertsitateko esparruetan.
Legeari erantsitako ekarpenen artean daude Cermin-en gomendio batzuk; esate baterako, komunikazioko oztopoen desagerrarazpena ziurtatzea, desgaitasuna aitortzeko ebazpenak irakurketa errazean eta beste formatu batzuetan (irisgarriak eta ulergarriak) jaulkiz, besteak beste; osasungintzako arretaren maila desberdinen arteko koordinazioa bermatzea, halaber aurreikusirik beste autonomia-erkidego batzuetara igortzeko aukera, hala behar denean; modua ematea lagun-egite animaliak zerbitzu-erabiltzaileekin batera egon ahal izateko; edo edukiontzi irisgarriak ipintzea hiri-altzarien osagarri.
Osasungintzari dagokionez, zehaztapen eta badaezpadako neurri batzuk ezarri dira: 0 eta 6 urte bitarteko adingabeen arreta goiztiarreko kasuetan familiekiko koordinazioa bermatzekoak, historia soziala eta osasungintzakoa integratuak egon daitezen lortzekoak eta horiek zentro soziosanitario guztietako profesionalentzat eskuragarri egotekoak; eta Osasun Planak desgaitasun-mota desberdinen ondoriozko berezitasunak aintzat harturik ezarriko duen zahartze aktiboaren estrategiaren esparruan baliabideak eta programak ugaritzekoak. Tratu txarrak detektatzeko protokoloak ere jasoko dira.
Larrialdi eta premia sozialeko egoerei erantzuteaz arduratuko dira, telelaguntza-zerbitzuaren zentrala ez ezik, beste zerbitzu publiko batzuk ere, hala nola osasungintza-sistemakoak edo beste batzuk.
Esandakoarekiko koherentziaz, osasun-arrazoiengatik (ospitaleratuta egotea nahiz etxeko egonaldia) klasera joan ezin duten ikasle desgaitasundunentzako hezkuntza-arreta pertsonalizatua ezartzen da, eta Hezkuntza Departamentuaren erantzukizunpean jartzen da Aniztasunari Erantzuteko Plan bat prestatu eta eguneratzea. Departamentu horrek Nafarroa osorako arreta- eta baliabide-zentro bat, erreferentziazkoa, izanen du lagungarri.
Hedabideei dagokienez, betebehar gisa jaso da irisgarritasun eta ulergarritasunari laguntzen dioten aurrerapausoak eta sistemak "berehalakoan" ezartzea. Ikus-entzunezko hedabideen kasuan, aipatzen da "autodeskribapen, azpititulu eta zeinu-hizkuntzaren interpretaziorako sistemak jartzea". Jomuga horrek bat egiten du legeari berari dagokionez xedatzen denarekin; izan ere, legea eskainiko da irakurketa errazeko formatuan, braille sisteman, zeinu-hizkuntzan, letra handituan eta/edo haren testua ororentzako irakurgarri eginen duen beste edozein formatutan.
Bestetik, eta parte-hartzeari dagokionez, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluari esleitzen zaizkio lege hori garatu eta betetzearekin zerikusia duten eginkizunak, ezertan kaltetu gabe Irisgarritasun Unibertsala eta Aukera Berdintasuna Sustatzeko Batzordea, zeina ardaztuta mantentzen baita irisgarritasunean eta oztopo materialen nahiz immaterialen desagerrarazpenean.
Enplegu-kontuetan, foru administrazioari agintzen zaio desgaitasuna duten pertsonen lanbide-egoerari buruzko diagnostikoa egin dezan. Horrek esan nahi du, zentro okupazionalei dagokienez, behar adinako postuak eskaintzea, dibertsifikatuak, lurraldean ondo banatuak, eta zerbitzu horiek ematen dituzten erakundeekin egin beharrekoak diren lankidetza-hitzarmenen araberakoak.
Horretarako, Eskubide Sozialetako Departamentuak lantalde bat eratuko du, zeregin gisa izanen duena profilak, programak, ratioak eta profesional-motak zehaztea zentro okupazionaletarako, non, gainera, zahartze aktiborako planak indartuko baitira, Osasun Planak ezarriko duen estrategiaren ildoetan.
Nolanahi dela ere, diagnostiko- eta plangintza-zereginek gainditu eginen dute lanbide-arloa eta, orokortasunez, arduratuko dira desgaitasuna duten pertsonak beren etxeetan edo hurbileneko inguruetan egoteko behar adina zerbitzu eta baliabide sortzeaz, halatan desinstituzionalizazioa mamiturik. Toki entitateek zilegi izanen dute departamentu eskudunaren laguntza eskatzea, beren planak egiteko.
Horri buruz, zehazten da ezen, "ahal den orotan", osasungintzako arretak barne hartuko dituela etxeko errehabilitaziorako ekimen publikoak; horretarako, behar adinako giza eta diru baliabideak paratu beharko dira.
Lege proiektuaren edukia 15/2016 Foru Legeraino iristen da; horrela, asmotan hartzen da lege hori aldatzea, errenta bermatuari buruzko foru legedia Bizitzeko Gutxieneko Errentaren estatu-araudiari doitze aldera. Horrez gain, Jokoari buruzko 16/2006 Foru Legea ere aldatzen da, desgaitasun-alorreko araudira hura egokitzeko; zehazkiago, jokoan eta apustuan aritzetik eta horietarako establezimenduetatik kanpo uztearren "epailearen erabakiz kanporatze hori ezartzen zaien pertsonak".
Prestakuntzaz denaz bezainbatean, sustatuko da desgaitasuna duten pertsonen eskubideen eta haientzako laguntza ematearen gainean beharrezkoa den trebakuntza ematea, bai administrazio publikoetako langileei bai eragile juridiko desberdinetakoei.
Zerga-alorrean, Administrazioari ezartzen zaio tributu-neurriak hartu beharra, desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei "progresibitate-irizpideen arabera" ordaintzearren kasuko desgaitasunetik eratorritako gainkostuak.
Aplikazio-esparruari dagokionez, erabaki da Eskubide Sozialetako Departamentuari modua ematea esku har dezan "ohiz kanpoko kasuetan, hain zuzen gizarte-zerbitzuak eskuratu ahal izateko baldintza den erroldatzerik egon gabe ere famili errotzea badagoenetan".
Lege honen erabateko betetzea lortzeko –urtebeteren buruan beharko dute erregelamenduz garatuta egon–, "oinarrizkotzat" jotzen da desgaitasunaren alorreko erakundeen lankidetzaz baliatzea.
Behin irizpena eginda eta Osoko Bilkurak onetsita, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (98. NPAO, 2022-09-09koa)
- Zuzenketak (115. NPAO, 2022-10-17koa)