Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 3

Nafarroaren sinboloei buruzko Foru Lege Proposamena aintzat hartzea onetsi da

24/2003 Legearen indargabetzetik bi urte eta erdi pasa ondoren, Legebiltzarrak araudi berria garatzen hasteko ikerketari ekitea onartu du

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroaren sinboloei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Navarra Sumak eta PSNk alde bozkatu dute eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurka. Testuak, oinarrian, indargabetutako 24/2003 Legea berreskuratzea du helburu.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako Lege proposamenaren helburua da “Nafarroako Foru Komunitatearen hiru sinbolo oinarrizkoen erabilerari buruzko araubidea guztiz berreskuratzea, bizitza ofizial eta arruntean agertuko direla sustatzeko eta Nafarroaren nortasuna gordetzeko neurriak taxutzeko”. Aldi berean, foru lege honek “egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukerak eskainiko dizkie botere publikoei, sinbolo horien erabilera sustatzeko eta, bereziki, babesteko”.

 

Zehazten denez, “zenbait udaletan gertatzen ari diren irregulartasun ugariak eraginkorki zuzentzeko” tresnak ahalbidetu nahi zaizkie botere publikoei, izan ere, zenbait udaletan beste autonomia erkidego bateko bandera jarri izan baita”.

 

Testuinguru horretan, 3/2017 Foru Legeak indargabetutako Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legea aipatzen da, azpimarratzeko “legezko arauketa bat beharrezkoa dela, Nafarroa komunitate berezi, bereki eta bereizi gisa ikusiko duena, beste sinbolo eta nortasun batzuk inposatu nahi dituztenen aurrean”.

 

Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek Gobernuaren desadostasuna bere egin dute, eta beraz, EH Bilduk inpugnatutako Lege proposamena aintzat hartzeko aukera baztertu dute.

 

Foru Gobernua mantentzen duten lau taldeek, PSN barne, adierazi dute Nafarroako sinboloen babesa “guztiz bermatuta dagoela, 2019-2023 Programa Akordioak autogobernu esparruan konpromiso politiko irmoa azaleratzen baitu”.

 

EH Bilduk tolerantzian eta integrazioan oinarritutako politika demokratiko bat aldarrikatu du, Nafarroaren aniztasuna islatuko duena.

 

www.parlamentodenavarra.es

Foru Lege Proposamena (9. NPAO, 2019-09-04koa)