Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko otsailaren 20an
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Legea onetsi du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren abstentzioarekin. 24/2003 Lege indargabetua berreskuratzeko asmotik abiatu da testua.
Navarra Suma talde parlamentarioak bultzatutako legeak xedetzat zuen “Nafarroako Foru Komunitatearen hiru sinbolo oinarrizkoen (armarria, bandera eta ereserkia) erabilerari buruzko araubidea guztiz berreskuratzea, bizitza ofizial eta arruntean agertuko direla sustatzeko eta Nafarroaren nortasuna gordetzeko neurriak taxutzeko, egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukera tartean dela”, tipifikatutako arau-hauste eta zehapenen babesean.
Horrek guztiak, zehazten zenez, botere publikoei ahalbidetu behar zien “eraginkortasunez zuzentzea zenbait udaletan oraindik gertatzen ari diren irregulartasun ugariak. Izan ere, beste autonomia erkidego bateko bandera jarri da udal horietan”.
Ildo horretatik, Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legearen edukia aldarrikatzen zen, 3/2017 Foru Legearen bidez indargabetua, eta araudi egoki bat bultzatzeko premia azpimarratzen zen, “irudikapen alternatibo eta nekez gerta daitekeenari izaera ofiziala eman nahi diotenen aurrean Nafarroaren nortasuna duinduko duena komunitate berezi, bereki eta bereizi gisa”.
Batzordean egindako eztabaidan, ordea, indarrik gabe utzi zen zehapenei buruzko zatia, eta araubide berria eman zitzaion sinboloen erabilerari, zeina lege proposamenaren 2. artikuluan jasorik baitago. Hori guztia PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek babestu zuten, eta Navarra Sumak aurka egin zuen.
Hala ere, Osoko Bilkurara eramandako irizpenean zehaztutako banderaren erabilerarako baldintzak aldatu egin dira Navarra Suma eta PSNk sinatutako in voce zuzenketa baten bidez. 7. artikuluari aldatu egiten da, hain zuzen ere, “erabilerari, kokapenari eta beste sinbolo instituzionalekiko lehentasunari” buruzko zenbait kontu berreskuratu dira.
Ildo horretan eta Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legearen indargabetzeak utzitako “hutsune legala betetzeko” asmoz, “herritarren eskubide gisa aitortzen da Nafarroako bandera eraikin publikoen kanpoaldean eta barruan ikusgai paratzea”, eta Nafarroako Lehendakaritzaren esku uzten da dolu-egun ofiziala dekretatzea, honek berekin baitakar “zehazten den denbora bitartean Nafarroako bandera haga erdian edo armarri gaineko doinu-xingolarekin ipintzea”.
Atarikoari Navarra Sumak eta PSNk aurkeztutako gehitzeko zuzenketan azaltzen da honen helburua “sinboloek herritarren bizitzetan eta ekitaldi publikoetan izanen duten presentziaren ezaugarriak arautzea” dela.
Bestalde, irizpenean arauaren manu zehatzaileak abolitu ziren. Gehienak V. kapituluan zeuden, baina baziren halakoak 4. artikuluan ere (Foru legearen aurkako egintzen deuseztasuna). Xedapen horiekin batera irizpenetik ezabatu ziren 6. artikulua (Nafarroako banderaren erabilera), 8.a (Erabileraren araubidea Nafarroako Toki Administrazioan), 12.a (Nafarroako sinboloen sustapena hezkuntzaren arloan), 13.a (Sinboloak toki erakundeetan sustatzea), xedapen gehigarri bakarra (Sinbolo frankistak kentzea) eta zioen azalpena bera.
Gainera, zilegi izanen da “Nafarroako bandera omentzeko ekitaldiak egin eta foru sinboloen ezagutza eta erabilera sustatzea” —arauak hala egiteko agintzen zion gobernuari—, baita “inguruabar historikoak edo Nafarroaren identitate politikoa islatzekoak” dituzten lekuetan bandera agerian egotea ere.
Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartu zen iragan urriaren 3ko osoko bilkuran, Navarra Suma eta PSN taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin.
-
Foru lege proposamena (9. NPAO, 2019-09-04koa)
-
Irizpena (18. NPAO, 2020-02-06koa)