Neskatoen Nazioarteko Egunaren karietara onetsitako adierazpen instituzionala
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urriaren 13an
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Neskatoen Nazioarteko Egunaren karietara. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Neskatoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.
2. Nafarroako Parlamentuak salatzen du neskatoen sexualizazioa publizitatean, praktika horrek jarrera eta estereotipo sexistak indartzen baititu eta emakumeen aurkako indarkeriaren agerpenetako beste bat baita. Neskatoek errespetatuak izateko eta publizitatean tratu egokia jasotzeko eskubidea dute.
3. Nafarroako Parlamentuak haurren gorputzen merkantilizazioa eta sexualizazioa errefusatzen eta gaitzesten ditu, adingabeekiko balizko abusuak ahalbidetu baititzakete; izan ere, sexualitatea erdigunean jartzen da eta emakumeen eta neskatoen gainerako dohain eta gaitasunak alde batera utzi edo gutxietsi egiten dira, eta, hala, beren haurtzaroa bete-betean bizitzea eragozten zaie eta beren bizimodu-itxaropenak murriztu egiten zaizkie.
4. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du ezgaitasuna duten neskatoek pairatzen duten diskriminazio hirukoitza: adinagatik, generoagatik eta ezgaitasun-egoeragatik. Hori dela eta, adierazten du ezgaitasuna duten neskatoek gizarte helduzentriko, matxista eta gaitasunzalekeriazko batean aurre egin behar izaten dioten diskriminazio intersekzionalaren aurka dagoela.