Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Urriak 25

Neurri fiskalei eta zenbait zerga aldatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandako botoekin, Neurri fiskalei eta zenbat zerga aldatzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da “zerga-sistemaren gehikortasuna eta sistemaren diru-bilketarako ahalmena hobetzea”; horretarako, errenta handiei eta kapital-errentei, ondasun haiei eta enpresa-irabaziei zerga handiagoa ezarriz, “politika publikoak eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko zailtasun handiak” murrizte aldera.

Ildo horretan, proposatzen da PFEZeko zerga-tasak handitzea urteko 45.480 eurotik gorako likidazio-oinarri orokorrentzat, gehienez ere % 56koa izateraino –indarreko % 49aren aldean– 300.000 eurotik gorako likidazio-oinarrientzat.

Halaber, urteko 6.000 eurotik gorako kapital-errententzako presio fiskala igotzea proposatzen da, zerga-tasa % 33koa izateraino –indarreko %27aren aldean– urteko 24.000 eurotik gorako kapital-errententzat.

Era berean, 2007ko ekitaldira bitarte indarrean egondako Ondareari buruzko Zerga berreskuratzea aurreikusten da. Horrela, salbuetsitako gutxienekoa 300.000 eurokoa izanen litzateke, indarreko 700.000 eurokoa izan beharrean.

Foru Lege proposamenak, halaber, aipatzen du Sozietateen gaineko Zergako zerga-tasa orokorra igotzea, % 30etik 35era, eta indarreko % 27ko zerga-tasari eustea enpresa txikien kasuan.

Gainera, indarreko % 1eko zerga-tasa kendu nahi du kapital aldakorreko inbertsio-sozietateen kasuan.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren tamainari buruzko azterlan sakon bat egitea eskatzen da.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 72. zk., 2012-09-17koa)