Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Martxoak 31

NUPek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren jarraipen sistema ezartzeko azterlanaren aurrerapena aurkeztu du Parlamentuan

Hualdek azpimarratu du garrantzitsua dela mekanismoak antolatzea kontrol eta jarraipen hobea egiteko Itunari, hurrengo legegintzaldiko parlamentariei utziko dieten “legatu” horri

Nafarroako Parlamentuan gaur goizean aurkeztu da Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako azterlan baten aurrerapena, zeinak xede baitu Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Itunaren jarraipenerako tresna bat ezartzea. Itun horretan gauzatu da Nafarroako Parlamentuaren eta Gizarte Entitateen Plataformaren artean gizarte kohesioa lortzeko egindako akordioa. Hala adierazi zen 2021eko otsailaren 21ean, 2007ko itunaren eguneratzea sinatzeko ekitaldian. Gaur egun, 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokaturik dago.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren esanetan, Itunaren eguneratzea aho batez sinatzea legegintzaldiko “mugarrietako bat” izan da, Parlamentuko indar politiko guztiek hartu dutelako konpromisoa hura gauzatzeko Gizarte Entitateen Plataformarekin batera.

 

“Hurrengo legegintzaldiko parlamentariei utziko diegun ibilbide-orri eta legatua da, eta beteko dela bermatzeko oinarriak ezarri nahi izan ditugu. Pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borrokak Parlamentu hau batzen du, horregatik da garrantzitsua mekanismoak antolatzea Itunaren betetzearen kontrola eta jarraipena hobetzeko”, adierazi du Hualdek.

 

Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Gizarte Entitateen Plataformaren ahalegina eta lankidetza eskertu ondoren, Parlamentuko lehendakariak azpimarratu du Legebiltzarrak NUPeko profesionalen ikerketa lana babesten duela, eta lan horrek, berriz, “Foru Legebiltzarraren legegintza eta kontrol zereginetarako” balio duela. Nabarmendu du alderdi guztiak direla garrantzitsuak “gure komunitateko herritarren bizi kalitatea mantendu eta hobetzeko”.

 

Begoña Pérezek, NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak, balorazio “positiboa” egin dio legegintzaldian egindako lanari, non Gizarte Entitateen Plataformako kideak, “lanean etenik gabe”, eta talde parlamentarioak adostasunetara iritsi baitira eta “epe luzeko neurriak eskatzen dituen egoera honen tamainako erantzuna” eman. “Legegintzaldi honetako jardunbide egokiaren emaitza izan da ituna sinatzea, eta espero dugu hurrengo legegintzaldian konpromisoari eutsiko zaiola”.

 

Horren harira, Pérezek nabarmendu du pertsonak, entitateak eta talde parlamentarioak direla Unibertsitateko ikergaien hurrenkera eta lehentasunak ezartzen dituztenak. Unibertsitateak, berriz, “mahai gainean jartzen ditu ikertzeko tresnak, herritarrei laguntzeko erronka gogoan”.

 

Gizarte Entitateen Plataformaren izenean, Javier Lirasek esan du NUPek Ituna nola betetzen den aztertzeko tresna sortzearen erronka “garrantzitsuari” heldu diola, eta horrela ekarpena egiten duela “dinamikak hobetzeko eta azken batean pobrezia eta gizarte bazterkeria murrizteko”.

 

Jarraian, NUPeko Begoña Pérez, Aitor Ezker, Natxo Irigoien, Francisco López eta Ferdaous Zouaghi ikertzaileek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren jarraipen sistema ezartzeko azterlanaren emaitzen aurrerapena aurkeztu dute, eta bildutakoen arteko eztabaida egin da jardunaldiari amaiera emateko.

 

Jardunaldia Parlamentuaren egoitzako erabilera anitzeko aretoan egin da, eta han bildu dira, besteak beste, Jorge Esparza (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak eta Gizarte Entitateen Plataforma osatzen duten entitateen ordezkariak.

 

Gizarte Entitateen Plataforma (PES) honako hauek osatzen dute: Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Entitateen Nafarroako Batzordea (CERMIN), Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea (REAS), Garapenerako GKEen Koordinakundea (CONGDN) eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Sarea.