NUPeko I-Communitas institutuak “Gazteen kalteberatasuna Nafarroan” ikerlana aurkeztu du Foru Parlamentuan
Legebiltzarraren eta unibertsitatearen arteko hitzarmenaren emaitza da, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak jardunaldia antolatzen parte hartu du
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) gizarte arloko ikerketa aurreraturako institutuak (I-Communitas) gaur Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du Gazteen kalteberatasuna Nafarroan ikerlana. Bi erakundeek hitzarmena daukate Nafarroako Parlamentuaren Iritzi Publikoaren Barometroa egiteko, eta horren barruan eskatu zaio ikerlan hori I-Communitasi.
Aurkezpena lan-jardunaldi batean egin da. Zenbait ikastetxetako ikasleak izan dira bertan, eta antolatzaile gisa Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) parte hartu du. Azken horrek Gazteria eta bizikidetza izeneko bere azterlana ezagutarazi du.
Jardunaldian Nafarroako gazteria izan da mintzagai eta protagonista. Izan ere, ikerlan horien aurkezpenaz gain, ikertzaile gazte batzuek Nafarroako gazteen errealitate askotarikoei buruzko beste lan osagarri batzuk ezagutarazi dituzte. Jardunaldiaren azkenean, elkarrizketa gune batean, gazte guztiek gaur egun gehien kezkatzen dituzten gaiez eztabaidatu dute eta proposamenak egin dituzte.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera jardunaldiari. Bi ikerlanen ezaugarriak azaldu ditu: “Elkarren osagarriak dira eta batera aurkeztu nahi ditugu, gazteak gogoan etorkizunari begiratzeko, lana edo etxebizitza eskuratzeko garaian saihestu behar dituzten zailtasunak aztertzearren. Azken barometro hau hurrengo legegintzaldiko politiken oinarria izatea nahi dugu”.
Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ahalegina eta NUPen eta I-Communitas institutuaren “bultzada” eskertu ondoren, Hualdek iragarri du hurrengo barometroaren gaia ingurumena izanen dela, eta erakundeen eta unibertsitateen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. Parlamentuaren kasuan, unibertsitateak “adituen eta ikertzaileen aholkularitza eskaintzen du legeak egiteko eta Gobernua kontrolatzeko”.
Lehendakariak esan du, azkenik, nahi lukeela “jardunaldi hau emankorra izatea eta elkarrekin gogoeta egiteko balio izatea, gazteen kezkak eta bi ikerlanen konklusioak abiapuntu direla. Hortik argazki ahalik eta onena atera behar da, aplikatu beharreko neurrietarako proposamenak barne. Eskerrik asko”.
Jarraian, Begoña Pérezek, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak, bi azterlanen norainokoa eta osagarritasuna nabarmendu ditu, eta esan du gaurko gazteei suertatu zaien bizi-ingurune zail eta konplexua aztertzea dutela xede.
Ildo berean, Carlos Amatriain, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskatu du aintzat har dadila bi analisiei lotutako diagnostikoa, gazteen etorkizuna ahal den heinean argitzen lagundu nahian egin baitira.
Ikerlanen aurkezleak I-Communitas institutuko Rubén Lasheras eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Andrea Guiñón izan dira.
Ondoren honako hauen hitzaldiak izan dira: NUPeko Xabier Tirapu doktoregaia (gazteak eta hedabideak) eta Gonzalo Reguera doktoregaia (gazteak eta landa eremuko arrakala); NUPeko ikasketa amaierako lanarengatik NGIren lehen saria jaso duen Ainhoa Jaurrieta (behin-behineko lanak gazteen ibilbideetan duen eragina aztertu du gradu amaierako lanean); eta Alexandra Durán, NUPeko masterduna, ikasketa amaierako lanarengatik NGIren akzesita jaso duena (gazteek zainketen arloan duten rola aztertu du master amaierako lanean).
Jardunaldian parte hartu duten ikasleak ikastetxe hauetatik etorri dira: Tuterako ETI ikastetxe politeknikoa, Tierra Estella BHIa, Plaza de la Cruz BHIa, Iruñeko San Tomas ikastetxea, Hezitzaile Eskola ikastetxe integratua, Nafarroako Unibertsitatea eta NUP.
Hainbat elkarte ere bertaratu dira, hala nola Nafarroako Itxaropenaren Telefonoa, SEI elkartea, Nafarroako Hiesaren aurkako Herritarren Batzordea, Nafarroako Soziologiako eta Politika Zientzietako Lanbide Elkargoko kideak, Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialeko kideak eta sindikatuetako kide gazteak.
Archivos adjuntos