Ogasuneko kontseilariak progresibitate fiskala defendatu du eta adierazi du ez dela zergen “jaitsiera nabarmenaren” aldekoa
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak “erreforma fiskal zabal bat adosteko” bere burua eskaini duen, aurreko legegintzaldiko marko fiskaletik urruntzeko
Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saizek adierazi du gaur politika fiskalari dagokionez, Gobernua ez dela “zergen jaitsiera nabarmenaren aldekoa”, aitzitik, “progresibitatearen, aberastasunen banaketa egokiaren eta iruzur fiskalaren aurkako borrokaren aldeko” apustua eginen duela.
Navarra Sumak kontrolerako Osoko Bilkuran Gobernua interpelatu du arlo honen inguruan, leportatuz Gobernuak proposatutako neurri fiskalak “oinarrian ez direla aurreko legegintzaldiaren marko fiskaletik gehiegi urruntzen”, eta hori dela eta, “erreforma fiskal zabalago bat lortzeko” eskua luzatu dio.
“Zergen jaitsiera nabarmen” batean oinarritutako politika arbuiatu du Elma Saizek, “ideologia kontserbatzailea duten formazioen jarduna” dela esanez. “Gure apustua bestelakoa da, progresibitatea, aberastasunaren banaketa egokia eta iruzur fiskalaren aurkako borroka ditugu oinarritzat”.
Gobernuak aurkeztutako neurri fiskalak zehaztu ditu Saizek, eta baieztatu du zergadunek irabazi eginen dutela tarifaren deflaktazioarekin, “duela hamar urte egin ez den zerbait da eta lan errentak jartzen ditu erdigunean”.
Gobernuak enpresak lehenetsiko dituela nabarmendu du, “erkidego honetako garapen ekonomikoaren motorra” baitira.
María Jesús Valdemorosek (Navarra Suma ) azaldu du PSNk bere hauteskunde programan erreforma fiskal bat defendatzen zuela, aurreko legegintzaldian onetsitako politika fiskala arbuiatzen zuena. Aitzitik, “aurkeztu dituzten neurriek oinarrian ez dute aurreko legegintzaldiko testuingurua aldatzen”.
Jarraian, Valdemorosek adierazi du PSNk “inpaktu erreal gutxi duten aldaketak besterik ez dituela egin, erreforma fiskalari muzin eginez”, eta hori dela eta “erreforma fiskal sakon bat adosteko” eskua luzatu dio.
Mikel Asiainek (Geroa Bai) Gobernuaren zifrak goraipatu ditu, “nabarmentzeko datuak baitira”. 10 urtetan lehen aldiz zorra murriztu dela adierazi du, eta “horrek osasun aurrekontua % 19an eta hezkuntzakoa %16an handitzea ahalbidetu du. Ez dugu 2008ko errezeta neoliberaletan sinesten, ezta merkatuak beren kabuz zuzenduko diren ideian ere”.
Adolfo Araizek (EH Bildu) benetako progresibitate baten aldeko apustua egin du, “sistema publiko indartsua ahalbidetuko duena”. Iruzur fiskalaren aurkako borrokaren beharra ere azpimarratu du.
Marisa de Simónek (I-E) adierazi du “Europa mailan enpresa eta kapitalen zerga bateratze” bat defendatu du, “paradisu fiskalak ekiditeko”. Adierazi du, baita ere, Nafarroako Gobernuaren zerga politika “bide okerretik doala”.