Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Abuztuak 6

Oihan Mendo Goñi foru-parlamentari karguaz jabetu da

EH Bildu talde parlamentarioari atxiki zaio, Xebe Txoperenak karguari uko egin baitio

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura egin du eguerdian, Oihan Mendo Goñi (EH Bildu) foru-parlamentari berria karguaz jabetu zedin, Xebe Txoperenak parlamentari-aktari uko egin baitio arrazoi pertsonalak direla medio.

 

Erakunde-aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen eta lehen idazkari Yolanda Ibáñez eta bigarren idazkari Mikel Zabaleta Mahaiko kideen aitzinean.

 

Oihan Mendok honako formula hau erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko lehendakariaren aitzinean:

 

“Por imperativo legal, prometo por mi conciencia y honor, respetar en todo momento el régimen foral de Navarra, acatar la Constitución y las leyes y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de Parlamentario/a Foral”.

 

“Legeak horrela agintzen duelako, hitza ematen dut, kontzientziaz eta ohorez, Foru Araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta nire karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala".

 

Txoperenak utzitako tokia zerrendako hamargarrenak, Esther Lakastak, bete behar zuen, baina hark ere uko egin dio, lan-arrazoiak eta arrazoi pertsonalak direla medio; hortaz, Mendok, zeina hamaikagarrena izan baitzen Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan EH Bildu Nafarroak aurkeztutako zerrendan, erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete ditu, eta, halatan, foru-parlamentari karguan jardutetik heldu diren eskubide eta abantaila guztiak eskuratu ditu.

 

Oihan Mendo (1986) Garesen jaio zen, Historian lizentziaduna da, eta Antzinate Klasikoko Mediterraneoko Arkeologiako Masterra du. Garesko alkatea izan zen 2015etik 2023ra bitarte.

 

Karguaz jabetzeko ekitaldian, UPN talde parlamentarioko Javier Esparza, PSN talde parlamentarioko Carlos Mena, Maite Esporrín, Javier Lecumberri, EH Bildu talde parlamentarioko Laura Aznal, Adolfo Araiz, Eneka Maiz, Javier Arza, Arantxa Izurdiaga eta Geroa Bai talde parlamentarioko María Solana egon dira, eta, bukatzeko, Unai Hualdek hitz batzuk esan ditu.

 

Lehendakariak Oihan Mendo zoriondu du eta "zortea" opa dio bere jardueran. "Erakundeko lehendakari naizen aldetik, eta saio honetan nirekin batera dauden Mahaiko kideen eta Legebiltzar osoaren izenean, zorionak eta ongi etorria, Oihan. Ziur nago gaur hasten den etapa oso aberasgarria izango dela zuretzat, Nafarroako erkidego honetako emakumeak eta gizonak ordezkatzea erantzukizun handia delako, eta, zalantzarik gabe, baita ohore handia ere".