Omenaldia Nafarroako Parlamentuan erretiroa hartu duten funtzionarioei
Unai Hualdek balioa eman dio Parlamentuko langileen egitekoari, hori gabe “ezinezkoa litzatekeelako jardun instituzionala burutzea”
Nafarroako Parlamentuak omenaldi bat egin die gaur 2018tik 2021era bitarteko epean erretiroa hartu duten funtzionarioei.
Nafarroako Parlamentuko legelari nagusi Silvia Doménech Alegrek eman dio hasiera ekitaldiari, langileei eskertuz “urte hauetan zehar eskainitako lana, kemena eta ardura profesionala. Eskerrik asko erakunde honi emandako bizitza osoagatik”.
Ildo horretan, Doménechek “bereziki gogoratu” du María Ángeles Adot langilea, aurten bertan, uztailean, hil baitzen, eta laburbildu du protagonista bakoitzak betetako eginkizunak, “kontatzen zailak direnak; haiek gabe ezinezkoa izango zen Parlamentuaren funtzionamendu eta jardun ona lortzea”.
Ondotik, Parlamentuko lehendakariak oroimeneko diploma bat eta prisma bat, Parlamentuko Osoko Bilkuren Aretoa grabatua duena, eman dizkie funtzionarioei, honako hauek hain zuzen: Carlos Bear Sanz, Mª Carmen Sáenz García, Mª Ángeles Adot Loperenaren senideak, Celina Echeverría Uhalte, Mª Anabel Ventura Arbilla, Carmen Borda Olagüe, Amaia Mitxelena Enbil eta Ana Huarte Campión.
Unai Hualdek, berriz, eskerrak eman dizkie Foru Parlamentuko langile izandakoei, “ezinbesteko laguntza izan direlako nafarrak ordezkatzeko ardura dugunontzat; langileen egitekorik gabe, ezinezkoa litzatekeelako jardun instituzionala burutzea”.
“Parlamentariak, hautetsiak eta langileak oro har, denok osatzen dugu parlamentuko familia, eta aukera hau baliatu nahi dut zuen lana eskertzeko -jardunean zaudetenoi, ekitaldi honetan daudenen bidez– eta bereziki erakunde honi lan bizitza eman ondoren erretiroa hartu dutenei”, gehitu du.
Lehendakariak hitzaldia amaitu du María Ángeles gogora ekarriz eta ekitaldian egon den familiari eskerrak helaraziz.