Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 22

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Bankuek ordaindu beharko dute hipoteka-bermea duten maileguen eskritura publikoaren zerga, mailegu-emailea izanen baita zergaren subjektu pasiboa

 

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bateginaren aldaketa onetsi du gaur aho batez. Aldaketa horren ondorioz, finantza-entitateek ordainduko dute hipotekak kargatzen dituen zerga.

 

Gobernuak sustatutako foru lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta xedetzat du Nafarroako araudia partez egokitzea azaroaren 8ko 17/2018 Errege Lege Dekretuaren edukiari, zeinak bankuei jasanarazten baitie hipoteka-bermea duten maileguen eskritura publikoa egitea kargatzen duen zerga. Hala, Foru Komunitatean ere subjektu pasiboa mailegu-emailea izanen da, eta zenbait kasutan salbuetsita egonen da orain arte bezala.

 

Salbuespen subjektibo horren ondoriozko onura fiskalak zeharkako zerga horren hiru modalitateei (kostu bidezko ondare-eskualdaketak, sozietateen eragiketak eta egintza juridiko dokumentatuak) aplikatzekoak dira, eta honako hauek dira onuradunak: Nafarroako Gobernua eta Foru Administrazioko gainerako erakundeak, eta haien ongintzako, kulturako, irakaskuntzako edo zientzia-helburuetarako establezimenduak; Estatua eta lurralde- nahiz erakunde-administrazio publikoak eta haien ongintzako, kulturako, gizarte segurantzako, irakaskuntzako edo zientzia helburuetarako establezimenduak; eta Espainiako Gurutze Gorria.

 

Parlamentuko ordezkaritza duten alderdi politikoak ez dira salbuetsiko. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek haien salbuespena zuzenketa bidez kentzea erabaki dute, “justifikaziorik gabeko pribilegioa” iritzita, eta UPNk, PSNk eta PPNk ere ere zuzenketaren alde bozkatu dute.

 

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeen asmoak ere aurrera egin du: hipoteka maileguak eta horien pareko kontratuak dokumentatzen dituzten eskritura publikoen lehenbiziko kopiak salbuestea aurreikusita dago, behin betiko kalifikazioa lortu aurretik babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko mailegua eskatzen denean edo halako etxebizitzen lehenbiziko eskualdaketan erosleak mailegua eskatzen duenean. Beraz, salbuespena mantendu eginen da, baina ezin da izan halako etxebizitzak sustatzeko eta erosteko ematen diren mailegu kualifikatuen gehieneko zenbatekoari dagokion zerga-oinarria baino handiagoa.

 

Baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretuaren babesean hipoteka kreditu eta maileguetan egiten diren nobazioak formalizatzeko eskritura publikoen kasuan salbuespena kentzeko asmoak ere aurrera egin du.

 

“Subjektu pasiboa mailegu-emailea denean soilik” bi salbuespen horiek kentzeko zuzenketa ere onetsi da.

 

Foru legeak xedatzen duenez, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergak dakarren zerga zorra “ez da kengarria izanen” sozietateen gaineko zergan, mailegu-emailea denean bermedun mailegua eratzeko eskrituren subjektu pasiboa. Beraz, ezin izanen da sozietateen gaineko zerga arindu hipoteken gaineko karga dela eta.

 

Halaber, indarrik gabe geldituko dira kreditu kooperatibentzako zerga onurak, bermedun maileguak eratzeko eta ezerezteko eskrituren kasuan, entitate horiek mailegu-emaile direnean.

 

Zioen azalpenean adierazten denez, hipoteka-bermea duten mailegu kontratuen formalizazioa merkataritza jarduera bat da, gizartean ondorio nabarmenak dituena, eta horregatik komeni da amaiera ematea “Estatuan arau nahiz jurisprudentzia arloan gertatu diren aldaketa azkarrek herritarren artean sortu duten egonez eta harridura egoera”, nahiz eta egoera horrek ez duen eraginik Nafarroako legearen balio juridikoan, Foru Komunitateak dauzkan tributu eskumenei esker.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan PPNren zuzenketa bat ere eztabaidatu da, lehen etxebizitza ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergatik salbuestea helburu zuena, baina ez du behar adinako babesik lortu. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek kontra bozkatu dute, UPNk bakarrik babestu du.