Onetsi da Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa
Nafarroak hiru zerga berri bilduko lituzke, Tobin eta Google tasak eta merkataritza elektronikoaren BEZa alegia, eta hobetuko lirateke kudeaketa, ikuskapena eta koordinazioa
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi du gaur. Erabaki horrek bat egiten du Negoziazio Batzordean hilaren 20an sinatu zen akordioarekin, eta orain Gorte Nagusiek berretsi behar dute akordioa, lege arrunt baten bitartez.
Navarra Suma, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen babesa dela medio, Erregelamenduaren IX. tituluaren arabera legebiltzarraren erabakiak behar zuen gehiengo osoa lortu da. Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.
1990eko Hitzarmen Ekonomikoak seigarren aldaketa du oraingoa. Aurretik 1993an, 1998an, 2003an, 2007an eta 2015ean eguneratu dute.
Hitzarmenaren testu berriak aldaketak ditu 28 artikulutan, 6 xedapen gehigarritan eta 7 xedapen iragankorretan, denak ere Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanetako alderdi fiskal eta finantzarioekin lotuak, eta oinarriak ezartzen ditu 2019-2024 bosturtekoan urteroko ekarpenari buruzko akordioa lortzeko.
Hitzarmen Ekonomikorako proposatzen den testu berriarekin Nafarroak bere gain hartuko luke hiru zerga berriren bilketa. Hauek dira: transakzio finantzarioen gaineko zerga (Tobin tasa), zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga (Google tasa) —bi kasuetan Estatuak ezartzen dituen arau berak aplikatuko ditu Nafarroak— eta merkataritza elektronikoaren BEZa (OSS BEZa).
Bestalde, hobekuntzak eginen dira Foru Ogasuneko kudeaketan eta ikuskapenean, bai eta zerga administrazioen arteko koordinazioan ere, informazioa lortzeko ahalmenak barne.
Bai BEZean bai sozietateen gaineko zergan, 7 milioitik 10era igoko da eragiketa bolumenaren atalasea; zenbateko horretatik gora enpresek zifra erlatiboaren arabera tributatu behar dute. Eta Nafarroari esleitzen zaio helbide fiskala Foru Komunitatetik kanpo izanda beren eragiketa bolumenaren % 75 edo gehiago Nafarroako egoitzan kokatu duten zergadunen gaineko eskumena.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan talde guztiak bat etorri dira esatean Hitzarmena berritzea “funtsezko” kontua dela Nafarroarentzat. Geroa Baik eta EH Bilduk ez dute ontzat eman, ordea, Koordinazio Batzordeari esleitzea transferitu gabeko eskumenengatik Estatuaren kutxa orokorrei egin beharreko ekarpenaren indizea negoziatzeko ahalmena. Indize hori % 1,6koa da 1990etik. Haien iritziz, premisa horrek Parlamentua baztertzen du eta batzorde nabarmenki “tekniko” baten esku uzten du “sakontasun politiko handiko” afera hori (ekarpen indizea) negoziatzea.
Nafarroak honako ordezkari hauek izan ditu Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean: Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria; Óscar Martínez, Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea; Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta José Miguel Nuin (I-E).
Estatuko Administrazioaren ordezkari aritu dira Inés Bardón, Ogasuneko estatu-idazkaria; Jesús Gascón, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia; Inés Olóndriz, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako idazkari nagusia; María José Garde, Tributuen zuzendari nagusia, eta Mónica García, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Lurralde Kudeaketa Finantzarioko zuzendari nagusia.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa aldatzeko akordio bakarrak honako hau dio:
Bat. - Onestea Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa, akta honen I. eranskinean jasoa. Horrenbestez:
- Testu berria izanen dute hamargarren, hamabigarren, hamalaugarren, hemezortzigarren, hemeretzigarren, hogeita hirugarren, hogeita zazpigarren, hogeita zortzigarren, hogeita bederatzigarren, hogeita hamargarren, hogeita hamaikagarren, hogeita hamahirugarren, hogeita hamalaugarren, hogeita hamabosgarren, hogeita hemezortzigarren, berrogeigarren, berrogeita bigarren, berrogeita laugarren, berrogeita bosgarren, berrogeita hamaikagarren, berrogeita hamaseigarren, hirurogeita bosgarren, hirurogeita seigarren eta hirurogeita zazpigarren artikuluek, bigarren xedapen gehigarriak, zazpigarren xedapen gehigarriak, bosgarren xedapen iragankorrak eta zazpigarren xedapen iragankorrak.
- Hogeita hamaika quinquies, berrogei bis, berrogei ter eta berrogeita sei bis artikuluak eta hamabigarren xedapen gehigarria erantsiko dira.
- Ezabatu eginen dira lehen xedapen gehigarria, zortzigarren xedapen gehigarria, bederatzigarren xedapen gehigarria, lehen xedapen iragankorra, hirugarren xedapen iragankorra, laugarren xedapen iragankorra, bederatzigarren xedapen iragankorra eta hamalaugarren xedapen iragankorra.
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proposamena (147. NPAO, 2021-12-22koa)