Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 9

Onetsi da Lagun egiteko Animaliak Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen aldaketa

Lagun egiteko animalien jabetza arduratsua arautzen duen lege horren aplikazio-eremutik atera dira ehiza-jarduera eta laguntzarako, eginkizun sozialerako edo kirol eginkizunerako animaliak

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak onetsi egin du Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen aldaketa, ehiza-jarduera eta laguntzarako, eginkizun sozialerako edo kirol eginkizunerako animaliak arau horren aplikazio-eremutik ateratzeko sortutako testua. Navarra Suma eta PSNk baiezko boto eman dute, Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontra bozkatu dute.

 

Zehazki, PSNren lau zuzenketak onartu ondoren, Navarra Sumak bultzatutako foru lege proposamen horrek 19/2019 Foru Legearen 4., 5.3, 6. eta 7. artikuluen edukia aldatzen ditu, lagun egiteko animalien jabetza arduratsua sustatzen duen arau horren aplikaziotik salbuesteko “araututako ehiza-jarduera”.

 

Halaber, osatu egiten da lanerako animalien kontzeptua, epigrafe horretan lekua eginez laguntzarako, eginkizun sozialerako edo kirol eginkizunerako animaliei, eta horien artean aipatzen dira ehizarako txakur eta hudoak.

 

Bestalde, jada betebeharren atalean, 6.6 artikulua aldatzen da, lanerako, laguntzarako, eginkizun sozialerako edo kirol eginkizunerako animaliak –ehizarako txakur eta hudoak barne– “kontrolik gabeko ugalketa saihesteko” edozein kontrol metodo aplikatu beharretik salbuesteko.

 

Ildo horretan, 5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietan definitutako animaliek beste animalia batzuekiko kontrolik gabeko kontaktuaren arriskurik ez dutela joko da “baimendutako ehiza jardueretan, ehizarako entrenamenduetan edo berezkoa duten jardueran parte hartzen ari direnean".

 

Azkenik, debekuei buruzko 7. artikuluaren 14., 15. eta 26. apartatuak aldatzen dira, 5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako animalien eginkizunak ez eragozteko, “defentsa lanei edo ehizarako gaitasunei dagokienez, baldin eta beren jarduera dela-eta ez bazaie justifikaziorik gabeko lesio, min, oinaze edo larritasunik eragiten”.

 

Gainerako animaliek duten debekutik salbuesten dira, halaber, “beren arduradunek haiek gainbegiratzeko kontrol egokia egin ezin duten tokietan” edukitzeari dagokionez.  5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietako animalien kasuan zilegi izanen da horrelako baldintzetan edukitzea, baina “beren jarduerari dagozkion eginkizunetan ari direnean” soilik.

 

Honako hau dio artikulu bakarrak, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 4., 5., 6. eta 7. artikuluak aldatzekoak:

 

«4. artikulua. Aplikatzekoak diren baztertzeak.

 

Lege honen aplikazio-esparrutik baztertuta daude:

 

1. Ekoizpenerako animaliak, foru lege honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

 

2. Basa faunako animaliak, ehizakitzat hartutako basa faunako espezieak, subespezieak eta populazioak eta araututako ehiza-jarduera.

 

3. Zezen-ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak.

 

4. Esperimentaziorako eta beste xede zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak.

 

5. Parke zoologikoetan dauden animaliak.

 

«5.3.1 artikulua. Lanerako, laguntzarako, eginkizun sozialerako edo kirol eginkizunerako animaliak: jarduera edo xede jakin baterako erabiltzen diren lagun egiteko animaliak; esate baterako, zaintzarako txakurrak, artzain-txakurrak, laguntza-txakurrak, txakur boilur-bilatzaileak, erreskate-txakurrak eta segurtasun indar eta kidegoek erabiltzen dituztenak.

 

5.3.2 artikulua. Ehizarako txakur edo hudoak: lanerako animaliak, jabeak ehiza jarduera arautuan lagun diezaioten erabiltzen dituenak.

 

6.6 artikulua. Behar diren neurriak hartzea animalien kontrolik gabeko ugalketa saihesteko, foru lege honetan araututakoarekin bateragarria den kontrolerako edozein metodo erabiliz. Kontrolik gabeko ugalketatzat joko da jabeak nahita eragiten ez duena.

 

Beste txakur edo katu batzuekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen txakur eta katuek esterilizatuta egon beharko dute.

 

5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietan definitutako animaliak, parte hartzen ari direnean ehiza jarduera baimenduetan, ehizarako entrenamenduetan, edo artzain-txakurrak, lanean ari direnean, ez dira beste animalia batzuekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen animaliatzat joko.

 

7.14 artikulua. Haiek heztea beren oldarkortasuna gara dezaten edo borroketarako prestatzea, bai eta haiek trebatzea edo haiei lan eginaraztea halako moduz non haien osasuna edo ongizatea kaltetuko baita, beren indar edo gaitasun naturalak gaindiaraziz edo beharrezkoak ez diren lesio, min, sufrimendu edo larridura eragiten dieten bide artifizialak erabiliz. Bazter geratzen dira 5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietan definitutako animaliak, beren defentsa eginkizunei edo ehizarako gaitasunei dagokienez, baldin eta beren jarduera dela-eta ez bazaie justifikaziorik gabeko lesio, min, oinaze edo larritasunik eragiten.

 

7.15 artikulua. Animaliak behartzea parte hartzera ikuskizun, jai herrioi, azoka, erakusketa, lehiaketa, erakustaldi, filmazio, publizitate-xedeetarako argazki- edo zinemagintza-saioetan edo antzeko beste edozein jardueratan, hala nola ehiza jardueren filmazio, erakusketa eta azoketan, halako jarduerak egiteko behar den baimen edo lizentzia eduki gabe.

 

7.26 artikulua. Animaliak edukitzea beren arduradunek haiek gainbegiratzeko kontrol egokia egin ezin duten tokietan. Bazter geratzen dira 5. artikuluaren 3. apartatuko 1. eta 2. zenbakietan definitutako animaliak, beren jarduerari dagozkion eginkizunetan aritu bitartean”.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan lau zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, denak PSNrenak, zeren eta, adostasunaren bila, Navarra Sumak kendu egin baititu erregistratuak zituen biak. Lehen hirurek Geroa Bairen babesa ere jaso dute, eta laugarrenean talde hori abstenitu egin da. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek guztien aurka bozkatu dute.

 

Irakurraldi bakarrean onetsita, azaroaren 16ko 19/2019 Foru Legea aldatzen duen foru legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.