Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Azaroak 21

Onetsi da Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-30) betetzen ote den kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko batzorde berezi bat eratzea

Legebiltzarraren ustez hori da formula onena 2030eko Agendako garapen jasangarriko helburuen ezarpena Nafarroara egokitzeko lan konplexuari ekiteko

Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkurak onetsi du, Voxen kontrako votoarekin, batzorde berezi bat eratzea Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna (2021-2030) betetzearen jarraipena eta kontrola egiteko; 2021eko otsailaren 20an sinatu zuten itun hori X. Legegintzaldiko Eskubide Sozialetako Batzordeko buruak eta eledunek eta Gizarte Entitateen Plataformak.

 

UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo Zurekin talde parlamentarioek aurkeztutako ekimenak oinarri du 2007an hartutako konpromisoak “berritzen, eguneratzen eta zabaltzen dituen” agiriaren edukia, 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuak Nafarroara egokitzeko lan konplexuari begira, batzorde berezi baten eskuetan uzte aldera garatu beharreko ekintzen ebaluazioa; horretarako, NUPek garatutako tresna berekia dago.

 

Onetsitako arauei jarraikiz, talde parlamentario edo parlamentarien elkarte bakoitzak ordezkari bat izendatu beharko du aipatu batzordean. Eratze-bilkurak Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualde izanen du buru. Hasierako bilkura horretan, halaber, mahaikideak hautatuko dira, boto haztatuaren sistemaren bidez. Erabaki guztiak hartzeko sistema bera erabiliko da.

 

Batzordearen bilkurak ez dira jendaurrekoak izanen.

 

Batzordea agindutako lana bukatzean iraungiko da eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.

 

Bere fiskalizazio-lana jasotzen duen irizpena edo txostena egiteko, Batzordeak laguntza eskatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuari, eta zilegi izanen du egokitzat jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak batzordera etor daitezen eta beharrezkoak diren txostenak jaulki daitezen eskatzea Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bitartez. Era berean, eskatzen ahalko du arloko adituen eta egokitzat jotzen duen pertsona ororen lankidetza.

 

Erregelamenduaren 70. artikuluak adierazten duen bezala, batzorde bereziak dira ikerketakoak, eskarietakoa eta Parlamentuko Osoko Bilkurak, Mahaiak proposaturik edo bi talde parlamentarioren edo Parlamentuko kideen bosten baten ekimenez, erabakitzen dituenak. Eratzeko proposamenean nola erabakian zehaztu beharko da zein xede, helburu eta balizko jarraibidera egokitu beharko duen Batzordeak ematen dioten lana

 

Gizarte Entitateen Plataforma, zeinak 150 erakunde baino gehiago biltzen baititu, honako sare hauek osatuta dago: Nafarroako GGKE-en Koordinakundea, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarea eta Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordea (CERMIN).