Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Urriak 24

Onetsi egin da ponentzia bat sortzea Estellerriko garapen sozioekonomikoa aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak ezartzeko

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak onetsi egin du gaur “Estellerriko garapen sozioekonomikoa aztertzera eta hobekuntza-proposamenak ezartzera” zuzendutako ponentzia bat sortzea. UPN, PPN eta Voxek alde bozkatu dute; EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin abstenitu dira, eta PSNk aurka bozkatu du.

 

UPN talde parlamentarioak proposatutako ponentziak aipatu egiten du Estellerriaren biztanleria-galera eta -zahartzea, agerian jartzeko “arlo soziosanitarioan politika espezifikoak eta premiazkoak” beharrezkoak direla, lurralde horren kalteberatasuna lehengoratzeko asmoz, udalen erdia “behartsu” gisa sailkatuta eta udalerri-kopuru esanguratsua “despopulazio arrisku larrian” baitaude.

 

Hori horrela, eta “estrategia” zehaztu bat ez dagoenez, Parlamentu osoari dei egiten zaio Nafarroako Gobernuarekin eta merindadeko gizarte- eta udal-ehunarekin elkarlanean lan egin dezan maila askotan hobekuntza-ekintzak planteatze aldera.

 

Zehazki, premiatu egiten da osasun-zentroen arazo “kronikoari” aurre egiteko, zeina “Lizarrako Ospitaleko hainbat espezialitatetan muturrekoa” baita, bai eta baliabideak jartzera ere gizarte teknologiko batek berezko dituen tresnak herritarrei hurbiltzeko, adina dela-eta oso urruti geratzen baitzaizkie.

 

Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, Ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Aurreikusita dago ponentzia azaroaren 17an eratzea, 09:30ean.

 

Ildo horretan, talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteek azaroaren 7ko 12:00ak arte dute epea sigla bakoitzeko ordezkari eta ordezko bana izendatzeko.

 

Saioan Yolanda Ibáñez (UPN talde parlamentarioa) egon da batzordeburu, eta honako hauek bertaratu dira: Miguel Bujanda, María Jesús Valdemoros, Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa); Carlos Mena, Javier Lecumberri, Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa); Adolfo Araiz, Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa); Blanca Regúlez, Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa); Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa); Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).