Onetsi egin da ponentzia bat sortzea Foru Hobekuntza eguneratzeko
Oinarrizko arau instituzionalean ezarritako eskumenen garapen osoa nahi da, eta, aldez aurretik negoziatuta, buru eman eskualdatu ez direnen transferentziei
Foru Araubideko Batzordeak onetsi egin du gaur ponentzia bat sortzea “13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa, eguneratze aldera”. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta UPN, PPN eta Voxek aurka.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek proposatutako ponentziak Foru Komunitatearen oinarrizko arau instituzionala indarrean sartu zenetik igaro diren 40 urteen berri ematen du, aipatu egiten du 2021eko Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan onetsitako erabakia, eta adierazten du beharrezkoa dela “Foru Hobekuntzan ezarritako eskumenen garapen osoa bultzatzea” eta egokia dela “aldez aurretik negoziatuta, buru ematea eskualdatu ez direnen transferentziei”.
UPNren, PPNren eta Vox-en bozeramaileek ekimenaren jatorria “alderdiaren onurarako” jarri dute, eta Lorafna onartzeko prozeduraren “zilegitasuna” defendatu dute. Gainera, Nafarroako “estatus bereizia” eta gaur egungo “errealitate soziolinguistikoa” defendatzeko asmoa aurreratu dute.
Erreglamenduaren 64. artikuluaren arabera, ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Aurreikusita dago ponentzia azaroaren 17an eratzea, 12:15ean.
Ildo horretan, talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteek azaroaren 7ko 12:00ak arte dute epea sigla bakoitzeko ordezkari eta ordezko bana izendatzeko.
Saioan Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) egon da batzordeburu, eta honako hauek bertaratu dira: Juan Luis Sánchez de Muniáin, Carlos García Adanero, Óscar Arizcuren, Luis Casado (UPN talde parlamentarioa), Jokin Castiella, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Fátima Andreo, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPN foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea).