Onetsia izan da 2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea
368 zuzenketa txertatu zaizkielarik, XI. Legegintzaldiko hirugarren aurrekontuek gastu ez-finantzarioaren muga % 5,2 igo dute 2025ekoekin alderatuta
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak 2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aldeko botoa emanda eta EH Bilduren abstentzioarekin. Lege horren gastuen eta diru-sarreren azken egoera-orria 6.741.514.953 euroan finkatu da; horietatik, 6.318.652.183 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio, eta 422.862.770 euro, berriz, gastu finantzarioari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa). UPN, PPN, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak aurka bozkatu dute.
Legearen 1. artikuluaren arabera, 2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak, 6.741.514.953 euroko kredituak dituztenak, honako hauetaz osaturik daude: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren Erakundearen aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren estimaziozko aurrekontua eta finantzaketa; eta Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoaren aurrekontua.
Gastu ez-finantzarioaren muga, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan arautua, 6.318.652.183 eurokoa da; hau da, % 5,2ko igoera izan du 2025eko aurrekontuarekin alderatuta (5.986.566.198 euro), eta horrek 332 milioiko aldea dakar termino absolututan.
Aurrekontu-egonkortasuneko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera, gastu ez-finantzarioaren muga 5.041.659.452 euroan ezarrita geratzen da, Toki Ogasunen Funtsa eta Estatuarentzako ekarpena deskontatu ondoren.
3. artikuluak ezartzen duenaren ildotik, aurrekontu-kredituen aldaketak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko aginduen araberakoak izanen dira, foru lege honek agindu horiek aldatzen ez dituen orotan.
Aurrekoa gorabehera, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts-mugimenduak, baldin eta, partidetan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak halaxe eskatzeagatik gastuen erabileraren kontrol hoberako, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.
Europar Batasunaren programen aurrekontu-aldaketei dagokienez (4. artikulua), Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du baimena ematea, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, Europar Batasunak kofinantzatutako programa eta proiektuak ahalik eta hobekien betetzeko behar diren aurrekontu-aldaketak egin daitezen, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aldaketa horiek gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.
Kreditu-aldaketa batek zuzeneko eragina badu Europar Batasunak kofinantzatzen dituen proiektuak biltzen dituzten partidetan, aldez aurretik Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiaren txostena beharko da. Salbuetsita uzten dira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutako kredituei eragiten dieten aldaketak.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47. artikuluaren 1. apartatuaren a) letratik g) letrara bitartekoetan aipatutako kredituez gain, handigarritzat joko dira, 2026ko ekitaldiari dagokionez, terrorismoaren edo indarreko legedian jasotako motibazio politikoko ekintzen biktimentzako aintzatespen eta erreparaziorako onets litezkeen kalte-ordain, dirulaguntza eta maileguak emateko lehendik badauden partida guztiak edo horretarako sortu beharreko suertatzen direnak, bai eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen ordainketara bideratuta dauden partida guztiak ere.
Gainera, zabalgarriak izanen dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluko mugak izan gabe, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko itxarote-zerrendak murrizteko neurriak eta 2025eko Inbertsio Programako inbertsioak finantzatzeko partida guztiak, lehendik daudenak edo horretarako sortu behar direnak.
Legean jasota daude irizpenari Ekonomia eta Ogasun Batzordean abenduaren 1etik 12ra bitartean egindako eztabaidan gehitutako 368 zuzenketak (guztiak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek konbinazio desberdinetan sinatuak; 879 zuzenketa aztertu ziren, 65 in voce). Baliozkoturiko zuzenketen balioa 19.158.663 eurokoa da.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-lege proiektua (130. NPAO, 2025-11-05ekoa)
- Zuzenketak (137. NPAO, 2025-11-18koa)
- Zuzenketak (144. NPAO, 2025-12-01ekoa)
- Irizpena (149. NPAO, 2025-12-18koa)
Archivos adjuntos