Onetsia izan da Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko foru-legearen irizpena
Kendu egin da 100.000 euroko muga, etxebizitza babestua erosi edo alokatzeagatiko eta birgaitze babestuagatiko dirulaguntzetarako ezarrita zegoena
Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Batzordeak onetsi egin du, gaur, Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko Foru Legearen irizpena. Ekimen horren bidez, aldatu egiten dira Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako foru-lege proposamenaren xedea da Nafarroan sortutako etxebizitza-larrialdiko egoerari erantzutea eta araudia egokitzea higiezinen merkatuaren bilakaerara eta higiezin-sail egoki bat eskuragarri egotea baldintzatzen duten egitura-aldaketa ekonomiko, sozial eta demografikoetara, herritarrei, bereziki etxebizitza arloko bazterkeria arriskuan dauden kolektiboei, etxebizitza eskura dezaten erraztasunak emate aldera.
Horretarako, edukitzak dibertsifikatzeko, etxebizitzen sustapena eta birgaikuntza bultzatzeko eta lankidetza publiko-pribatua laguntzeko, zenbait aurreikuspen egiten dira; besteak beste, etxebizitza babestuen kalifikazio-araubideak, adjudikazio-prozedurak eta berrikusteko bizileku-moldeak berrikustekoak.
Besteak beste, aldezten da bertan behera uztea erosteko aukeradun errentamenduaren araubidea, eta errentamendu ordainerrazaren eredua txertatzea, bai eta jabetza-estatutua ere. Azken horri dagokionez, orain, erabatekoa nahiz azalera-eskubidekoa izaten ahalko da horren titulartasuna.
Esleipen-prozedurei dagokienez, errentamendu-araubideko eta errentamendu ordainerrazeko araubideko etxebizitzak eskuratzeko prozesuetan baremazio-sistema kentzen da, eta zozketa-sistema ezartzen da horren ordez, gizatalde jakin batzuei zuzendutako erreserba orokorren kasuan. Gainerakoentzat, lehentasuna izanen dute sustapena dagoen udalerrian erroldatuta dauden eta 35 urte edo gutxiago edo 60 urte edo gehiago dituzten pertsonek.
Bestalde, bizileku-molde berriak jasotzen dira, hala nola zuzkidurazko bizitokiak, zeinak tankeratuta baitaude titulartasun publikoko ekipamendu komunitario gisa, eta helburu baitute gizatalde jakin batzuek bizitoki duin bat eskuratzeko izaten dituzten zailtasunen egoera zehatzak artatzea txandaka.
Etxebizitza-ondare publikoa indartzearekin lotuta, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren zereginak ugaritzea aldezten da, halako moldez non zilegi izanen baitu bere ardurapeko ondasunak bideratzea, etxebizitza babestura ez ezik, zuzkidurazko bizitokietara ere. Horrekin bat, baimena ematen da etxebizitza horiek sustatuak izan daitezen nola eta sektore publikoak, etxebizitza babestuen kudeaketan diharduten kapital mistoko sozietateek, etxebizitza-kooperatibek edo hirugarren sektoreko entitateek azalera-eskubidearen esleipena eginez.
Era berean, Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroa sortu eta arautzea aurreikusten da. Administrazio-izaerako erakunde bat izanen da, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari atxikia, eta etxebizitza askoren jabeen kontrola eta jarraipena eginen du.
Batzordean egindako eztabaidan, 43 zuzenketa eztabaidatu dira, eta, horietatik, 9 onetsi dira, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sinatuak guztiak ere. Gainerakoak, 20 PPNrenak eta 14 UPNrenak, bertan behera gelditu dira, aurka agertu baitira Gobernuari babes parlamentarioa ematen dioten taldeak.
Egindako aldaketen artean, azpimarratzekoa da irizpenean kendu egiten dela 100.000 euroko muga (ondasun, eskubide eta finantza-aktiboen artean), etxebizitza babestua erosi edo alokatzeagatiko eta birgaitze babestuagatiko dirulaguntzak eskuratzeko ezarrita zegoena.
Aldaketetako beste bat etxebizitza babestuak eskuratzeko eskakizun orokorrekin lotuta dago; kendu egiten dira azken bost urteetako etxebizitza-eskualdatzeek eragindako diru-sarrerei buruzko aipamen guztiak; hala, eskuratutako mozkina edozein dela ere (100.000 eurotik gorako diru-sarrerak aipatzen ziren jatorrizko testuan), etxebizitza babestua lortzeko eskubiderik gabe uzten dira denbora-tarte horretan higiezinen bat saldu duten pertsona guztiak.
Esleipen-sistemari dagokionez, jasota uzten da etxebizitza babestua erreserba berezietan sartutako errentamendu-araubidean eta errentamendu ordainerrazeko araubidean eskuratu duten pertsonek ezin izanen dutela parte hartu erreserba orokorretan sartutako etxebizitzak esleitzeko ezarritako hautespen-prozesuan.
Bestalde, erreserba berri bat gehitzen da etxebizitza babestuak jabetza osoko araubidean edo azalera-eskubidekoan esleitzeko aurreikusitakoaren esparruan. Erreserba berri hori kategoria bereziko familia ugariei zuzenduta dago (5 seme-alaba edo gehiago), eta horientzat gordeko da 50 higiezineko edo gehiagoko sustapenen % 2, errentamendu-araubidean eta errentamendu ordainerrazekoan.
Errentamendu-araubidean eta errentamendu ordainerrazeko araubidean sartutako erreserba bereziekin jarraituz, kategoria berri bat gehitu da: terrorismoaren biktimena (% 3), hain zuzen ere, eta mota horretako etxebizitzen % 3 atxikitzen da kategoria horretarako.
Etxebizitza babestua desegokia izateagatiko aldaketarako esleipen-prozedurari ere zehaztasunak gehitu zaizkio; jasota utzi da erregelamendu bidez ezarriko direla etxebizitza babestu handiago bat eskuratzeko eskubidea izateko bete beharreko baldintzak. Hau ere adierazi da: “salbuespenak edo egokitzapenak ere ezartzen ahalko dira, bizikidetza-unitate jakinentzat edo zaurgarritasun bereziko egoeretarako”.
UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN y Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoarekin eta Talde Misoarekin aurkako botoarekin onetsi dira aldaketa horiek guztiak.
Babes ofizialeko etxebizitzak irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta kooperatibei erabilera lagatzeko araubidean esleitzeari dagokionez, aurreikusten da ordaindu beharreko aldizkako kanona araudian xedatutakora egokituko dela. Eta ezarri da BOE ofizialeko kooperatibek alokairu ordainerrazeko etxebizitzak sustatzen dituzten pertsona juridikoentzat aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izanen dutela soilik, ez baitira bateragarriak arauan jasotako beste batekin ere. UPN, PPN eta Talde Mistoak aurka bozkatu dute.
Azkenik, xedapen iragankor bakar berri bat gehitu da, adierazita uzteko lege honek indarra hartzeak ez duela eraginik izanen jada abian zeuden lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnen izapideetan. Hori horrela, aurreko legedian ezarritako baldintzen arabera jarraitzen ahalko dute prozesua, “posible bada ere horiek lege honetan jasotako aurreikuspenetara egokitzea”. Talde Mistoak soilik bozkatu du aurka.
Bestalde, 10/2020 Foru Legearen hemeretzigarren xedapen iragankorra kentzen da, erosteko aukerarik gabeko alokairuko araubidean dauden eta xede horretarako erreserbatuta ez dauden lurzoruetan eraikita dauden etxebizitza babestuei buruzkoa. Egoera horietarako, hau xedatzen zen: “babes-araubidearen iraupena hamabost urtekoa izanen da gutxienez ere, haien behin betiko kalifikazioaren egunetik aurrera zenbatuta. Babes-araubidea amaitu baino bi urte lehenago jakinarazpen espresu eta pertsonalizatua egin beharko zaio etxebizitza horietan bizi den familia-unitate bakoitzari, xehetasunez azalduta ordutik aurrera izanen diren araubidea eta prezioak”. UPN, PPN eta Talde Mistoak aurka bozkatu dute.
Aintzat hartua izan ostean, eta behin irizpena emandakoan, etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzko Foru-lege proposamena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, ziurrenik, hilaren 19an, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Olga Chueca (PSN TP) izan da batzordeburu, eta bertan izan dira, orobat, honako hauek: Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa, Leticia San Martín, Cristina López (UPN TP), Kevin Lucero, Úrsula Pardo (PSN TP), Mikel Zabaleta, Oihana Gallo (EH Bildu TP), Itxaso Soto, Blanca Regúlez (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP), Daniel López (Contigo-Zurekin TP) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).