Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

Ordezkaritza handiena duten sindikatuekin eta enpresaburuekin enplegu plan bat onets zezan Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

Langabezia-tasaren igoera eta krisiaren gogortasuna ikusita, sektore kaltetuenei laguntzeko neurri berriak eskatzen zituen Navarra Sumak, zerbitzu publikoak indartzea eta hobetzea barne

Parlamentuaren Osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “maiatzaren 1a baino lehen enplegu-plan bat onets dezan, ordezkaritza handiena duten sindikatuekin eta enpresaburuekin, bere barnean hartuta krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko neurri berriak eta egungo zerga-politikaren aldaketa, Nafarroako inbertsiorako eta garapenerako erakargarritasuna itzuliko duena, gizarteak eskatzen dituen premia ekonomiko eta sozialei benetan erantzuteko asmoz”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Sumak sustatutako mozioak adierazten zuen “osasun-krisia krisi ekonomiko larria” eragiten ari dela Nafarroan, enplegua suntsituz eta aberastasuna eta ongizatea murriztuz”. Horren harira, aipatzen du Nafarroan langabezia-tasa 2,64 puntu igo dela, %11,65era iritsiz,eta hori dela eta, “langabezia-tasa txikiena duen erkidegoa izateari utzi dio Nafarroak, eta hiru autonomia-erkidegok gainditu dute”.

 

Hartutako neurriak “nahikoak ez direla”, zerga-figuraren bidez ezarritako “presio fiskalak gora egin duela” eta aurreikuspen ekonomikoak larriagotzen ari direla sinetsita, oroitarazten da legegintzaldia hasi zenean, Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere gobernuaren lehentasun nagusietako baten gisara aurkeztu zuela eragile ekonomiko eta sozialekin adostutako enplegu-plan bat onestea.

 

Ildo horretan, enpleguari buruzko akordio sozial bat ahalik eta lasterren izateko beharra azpimarratzen da, lehiakortasunaren alorrean ekimen espezifikoak eginez, Nafarroa "kontsumoa eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko" bidean jarriko duena eta "zerbitzu publikoak indartu eta hobetzea" ahalbidetuko duena.