Noiz argitaratua Ostirala, 2026.eko Apirilak 10

Ordezkaritza nafarra Saharako Kontseilu Nazionaleko lehendakari Bachir Mustafa Sayed-ekin bildu da, Tindouf-eko egonaldiari amaiera emateko

Saharako Kontseilu Nazionaleko lehendakari Bachir Mustafa Sayed eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko lehendakari eta Fronte Polisarioko idazkari Brahim Gali Paz y Libertad en el Sahara- Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren ordezkariekin bildu ziren atzo, Parlamentuaren ordezkaritza Tindouf-eko errefuxiatu sahararren kanpalekuetara egiten ari den bisitaren baitan, zeina Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartzeko egin baita.

 

Bileran, Bachir Mustafa Sayed-ek Mendebaldeko Sahararen egoera politikoa zein den azaldu du, eta, hori dela-eta nabarmendu du Fronte Polisarioa erdigune estrategikoan dagoela negoziazio-prozesu orori edo etorkizuneko akordio orori begira, “edozein konponbidek bere onespena” behar baitu.

 

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurrenari dagokionez, Sayed-ek erresilientzia kolektiboko mezua helarazi du, eta ohartarazi du Saharako herriak “ez duela amore emanen eta prest dagoela gutxienez ere beste bost hamarkada gehiago eusteko”.

 

Parlamentuko ordezkaritzak –taldeartekoaren koordinatzaile Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Irati Jiménez (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa)– eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek agintari sahararrei adierazi diete “bere borondatea eta apustua dela Saharako herriarekiko harreman instituzionalei eustea eta Saharako herriaren autodeterminaziorako eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubiderako bidean laguntzea”.