Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 29

Osasun Batzordeak Lizarrako Osasun Etxea bisitatu du

Parlamentuko ordezkariek egiaztatu dute osasun etxeko instalazioetan gabeziak daudela, batez ere espazio faltaren eta eraikinaren antzinatasunaren ondorioz

Osasun Batzordeak Lizarrako Osasun Etxea bisitatu du gaur, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak eskatuta.

 

Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai) eta Txomin González (EH Bildu) izan dira bertan.

 

Legebiltzarreko ordezkariei harrera egin diete Cecilia Alzu Osasun Etxeko zuzendariak, Avelina López de Goicoechea Erizaintza Unitateko buruak, Peio Goyache Larrialdietako Zerbitzu Arruntaren koordinatzaileak eta Esther Merino Administrazio Unitateko buruak.

 

Bisitaren helburua, proposamena egin duten taldeetako bozeramaileek azaldu dutenez, Lizarrako Osasun Etxearen “benetako egoeraren eta premien” inguruan interesa agertzea izan da, “instalazioen egoera eskasagatik eta espaziorik ez dagoelako”.

 

Jarraian, Cecilia Alzu Osasun Etxeko zuzendariak eta hango gainerako arduradunek “antzinatasunagatik eta gabezia teknikoengatik dagoeneko zaharkituta dagoen” instalazioaren errealitatea azaldu dute. Egoeraren ondorioz, osasun langileek eta bertan lan egiten duten gainerako profesionalek oso modu “prekarioan” lan egin behar dute.

 

“Egoera horrek eragin zuzena du laguntzaren kalitatean, zeina azken urteotan bereziki gaizkiagotu den, bai pandemiarengatik, bai COVID-19a duten edo gaixotasuna izateko sintomak dituzten gaixoentzako sarbide-zirkuitu bereziak ezartzeko beharragatik”.

 

Ildo horretan, azaldu dute zentroak espazio gehiago behar dituela, profesionalek beren lana duintasunez egin ahal izateko. “Gabeziak zentroko osasun profesionalei eta bertako langileei esker arindu dira; izan ere, baliabideak antolatzea eta optimizatzea lortu dute, dauden espazioei erabilera ugari emanez. Horrekin, kalitatezko osasun zerbitzua ematea bermatu dute. Baina profesional berriak sartu direnez, egoera eutsiezina da”.

 

Hala, besteak beste, Osasun Etxeko arduradunek salatu dute “ekografiak egiteko tokirik” ez dagoela eta espazioa optimizatu beharraren ondorioz “pazienteak pribatutasun falta” duela; izan ere, arreta administratiboa Larrialdi Zerbitzuko itxarongelan bertan ematen da, eta hain txikia denez, “ez du intimitatea eta datuen babesa bermatzen”.

 

Era berean, salatu dute irisgarritasun arloan gabeziak daudela; izan ere, ez dago ohatiletarako igogailurik eta eraikin osoan desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako komun bat baino ez dago. Azaldu dutenez, eraikinaren antzinatasuna dela-eta, “ezin da igogailu berri bat eraiki”.

 

Bilera amaitu ondoren, Parlamentuko ordezkariek, arduradunekin batera, ibilbide gidatu bat egin dute Osasun Etxean barrena, eta talde guztietako eledunek adierazi dute “premiazkoa” dela zentroa beste leku batera eramatea, laguntzaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko.