Osasun Batzordeak Reina Sofia ospitaleko Hemodialisi Unitatea eta Tuterako Larrialdietako Zerbitzu Arrunteko instalazio berriak bisitatu ditu
Positibotzat jotzen du bi instalazioek Erriberako osasun laguntzan duten eragina
Osasun Batzordeak Reina Sofia ospitaleko Hemodialisi Unitate berria bisitatu du gaur, 2023ko ekainetik martxan dagoena, baita Larrialdietako Zerbitzu Arruntaren instalazioak ere, Santa Ana Osasun Zentroan daudenak, eta 24.000 pertsona inguru artatzen dituztenak. Kasu bietan, REACT EB baliabideekin batera finantzatutako jarduketak dira, 2014-2020 EGEF programa operatibokoak, Covid-19aren pandemiari Batasunak emandako erantzunaren parte.
Osasun Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca, Maite Esporrín (PSN), Txomin González (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Parlamentuko ordezkariak Tuterako Reina Sofía ospitalera joan dira lehenengo, eta bertan honako hauek egin diete harrera: María Sanz, zentroko asistentzia zuzendaria; Ana Campillo, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzailea; Esther Eraso, Kudeaketa Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zerbitzuburua; Maite Fauste, Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialeko zerbitzuburua; Blanca Sánchez, Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialeko Erizaintzako atalburua eta Iván García, Hemodialisiko eta Farmaziako erizaintzako gainbegiralea.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek sustatu dute bisita, eta xede izan du Hemodialisi Unitate berriaren ezaugarriak eta ekipamendua ezagutzea. Unitateak asteko 80 paziente artatzeko gaitasuna du (gaur egun 50 inguru tratatzen ditu) eta martxan jarri zen 2023ko ekainaren 19an (proben faseak bi hilabete iraun zuen), 4,6 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.
Jarraian, Ana Campillok azaldu du zainketa asistentziala hobetu eta areagotu egin dela Hemodialisi Unitate berria abian jartzeari esker; izan ere, hiru gelatan banatutako 20 dialisi postu ditu, eta horrek giltzurrun-gutxiegitasuna duten Erriberako pazienteei arreta emateko gaitasuna bikoizten du. Horrez gain, ur ultrapuruaren instalazio berriaren bitartez, pazienteen biziraupena eta bizi kalitatea hobetzeko teknika berriak ezartzen ahal dira.
Instalazio berriek etorkizunean egoten ahal den eskariaren hazkundeari (hiru edo lau kasu bi urtean behin) aurre egiteko tamaina dute, eta bertan dira akutuen gela bat, bi postu dituena, eta postu bakarreko isolamenduko gela bat, bai eta hiru kontsultategi, itxarongela bat, komunak, aldagelak eta biltegiak ere.
Hemodialisi unitate berria irekitzeari esker, irisgarritasuna ere hobetzen da; izan ere, bidaiatu beharrak eragindako eragozpenak murrizten ditu (tratamenduan zeuden 40 lagunetik 17k Iruñera joan behar zuten astean hiru aldiz), zeinak bereziki neketsuak baitira kontuan hartuta makina bati lotuta lau orduz egoteak jadanik berekin dakarren esfortzua. “Orain espazioa erosoagoa da (postu handiagoak eta telebistako monitorea dutenak), etxetik hurbil. Azalera erabilgarria lau biderrez handitu da”, Ivan Garcíak adierazi duenez.
Ildo horretatik, nabarmendu da Nafarroan 400 bat pertsonak behar dutela giltzurrunetako ordezko terapia (ospitalekoa, etxekoa edota peritoneala), eta azpimarratu da ere bai giltzurrunetako gaitzak dituzten Erriberako pazienteentzako espazio berri hori irekitzearekin batera plantilla ere hazi dela; gaur egun, 26 profesionalek osatzen dute (zazpi gehiago): lau nefrologok, hamabi erizainek, erizaintzako zainketa asistentzialeko sei teknikarik, bi zeladorek eta bi administrarik.
Behin Hemodialisi Unitatearen askotariko instalazioetan zehar egindako ibilbidea amaitu ostean, Osasun Batzordeko kideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta poztu egin dira giltzurrunetako ordezko tratamendurako azpiegitura berriak eragin duen sentsazio onagatik.
Jarraian, Parlamentuko ordezkariak Tutera-Ekialdeko Osasun Zentrora joan dira. Zentro horren sotoan dago Larrialdi Zerbitzu Arruntaren gunea. Bertan honako hauek egin diete harrera: David Cambra, Larrialdietako zerbitzuburua, Cristina Pinilla, Larrialdietako Erizaintzako burua, Fernando Merino, Tutera Ekialdeko Osasun Zentroko zuzendaria, Arantxa Artazcoz, Tutera Ekialdeko eta Mendebaldeko Osasun Zentroetako Erizaintzako unitateburua, eta Ana Zugasti, Tutera Ekialdeko Osasun Zentroko Administrazioko burua.
Tutera-Ekialdeko Osasun Zentroa berritzeko obrak, beheko solairukoak barne (kontsultategiak, erauzketa gela, laguntza- eta administrazio-gelak), 2021eko udazkenean hasi ziren, eta 2,6 milioi euroko kostua izan dute; horietatik 285.462 euro ekipamenduari dagozkio.
Larrialdietako Zerbitzu Arruntak bost kontsultategi, arretarako bi box, profesionalentzako lan-eremu bat eta hainbat gela osagarri ditu. Otsailetik dago martxan, eta, batez beste, 80 pertsona artatzen ditu egunean.
Tutera-Ekialdeko Osasun Zentroak ia 24.000 pertsonari ematen die arreta, eta langile hauek ditu: medikuntza orokorreko hamahiru profesional, erizaintzako hamabost, administrazioko hamaika, hiru pediatra, bi gizarte langile, odontologo bat, hortzetako higienista bat, psikologo bat eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari bat.
Bisita amaituta, Osasun Batzordeko eledunek instalazio berrien garrantzia nabarmendu dute, eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, egoki iritzitako ekimenak abian jartzeko.