Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 8

Osasun Departamentua premiatzen da azterketa xeheagoa egin dezan tenperatura altuek sorrarazitako gehiegizko hilkortasunaren inguruan

Osoko Bilkurak zeharkako prebentzio neurriak eskatzen ditu klima larrialdiari lotutako zaurgarritasuna arintze aldera, herritarren osasunari erasaten baitio modu ikusezinean

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek baiezko botoa emanda eta Navarra Suma abstenituta, Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Osasun Departamentua premiatzen da “azterketa xeheagoa egin dezan uda honetan tenperatura altuek sorrarazitako gehiegizko hilkortasunaren inguruan, zeharkako neurriak proposatzeko beroak jendearengan dituen ondorioak prebenitu edo arintze aldera”.

 

Onetsitako erabakian bigarren puntu bat dago (aho batez onetsi da), Geroa Baik eskatua, non Osasun Departamentua premiatzen den “Osasun Ministerioari helaraz diezaion Estatuan, oro har, azken uda honetan heriotzen estatistikek izan duten igoera handiagatiko kezka eta, halaber, premiazkoa dela epidemiologiako adituek behar diren aldaketak egitea datuak biltzeko sistemetan (MoMo eta heriotza-ziurtagiriak)”.

 

Gehitzeko in voce zuzenketa berean eskatzen da “Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Osasun Ministerioaren arteko koordinazio hobea egotea eta epe laburragoak ezartzea datuak biltzeko eta desbideratzeak azkar analizatzeko, hura leunduko duten neurriak ezartze aldera”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabakiak eskatzen du “zeharkako prebentzio neurriak” har daitezela beroaren ondorioak arintzeko. Uda honetan Nafarroan beroak “150 heriotza inguru” eragin ditu (5.000 Espainia osoan) eta argi dago “klima larrialdia” jasaten ari garela gure lurraldean, “oso zaurgarria eta anitza ingurumenaren aldetik, eta alde handiak dituena hiri eremuaren eta landa eremuaren artean”.

 

Hori horrela, ohartarazten da “inguruneak garrantzia” duela tenperaturen etengabeko gorakada arintzerakoan. Espainiako Epidemiologia Elkartearen arabera, beroak “beharbada herritarren osasuna higatzen ari da, modu ikusezinean”.