Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Maiatzak 11

Osasun Departamentua premiatzen da berehala berma ditzan minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak Nafarroako hiru osasun barrutietan

Plan bereziak eskatzen dira bularreko eta kolon eta ondesteko minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak berreskura daitezen sei hilabete eta urtebete baino lehenago, hurrenez hurren

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “berehala berma ditzan minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak Nafarroako hiru osasun barrutietan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “plan berezi bat presta eta ezar dezan, bermatuko duena ezen, sei hilabete baino lehenago, bularreko minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak pandemia aurretik zeukan jarduera berrabiarazteaz gain, COVID-19arengatiko pandemian egiteke utzitako programaren jarduera osoa berreskuratzen dela”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “plan berezi bat presta eta ezar dezan, bermatuko duena ezen, urtebete baino lehenago, kolon eta ondesteko minbiziaren antzemate goiztiarrerako programak pandemia aurretik zeukan jarduera berrabiarazteaz gain, COVID-19arengatiko pandemian egiteke utzitako programaren jarduera osoa berreskuratzen dela”. PSN eta Geroa Baik puntu honen eta aurrekoaren aurka bozkatu dute.

 

Azkenik, Foru Gobernuari eskatzen zaio “sei hilabete baino lehen ezar dezan umetoki-lepoko minbiziaren populazio-programa, Osasun Sistema Nazionaleko oinarrizko zorroan onetsitakoa”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak programa hauen eraginkortasuna nabarmentzen du, bereziki kolon eta ondesteko minbiziaren behaketa-programa, “hilkortasuna % 16 eta % 33 bitartean murriztea lortzeaz gain, minbizi kasu ugariren agerpena prebenitzen baitu, programa horren bidez minbizi aurreko polipo asko erauzten baitira, halako moduz non polipo horiek ez diren inoiz iritsiko minbizia garatzera”.

 

Detekzio goiztiarra hilkortasuna murrizteko neurri eraginkorrena dela azpimarratu ostean (fase goiztiarrean %90etik gora eta %50 fase aurreratuagoetan), aipatzen da pandemiaren lehen ehun egunetan areagotu egin zirela larrialdietan diagnostikatutako minbizii kasuak (% 12,1, % 3,6arekin alderatuz), baita diagnostikoaren unean metastasia zutenak ere (% 22, eta % 14 aurreko urtean).

 

Horrenbestez, aipatzen da kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa Nafarroan geldirik egon den urtebetean, “diagnostikatu gabe geratu direla 500 bat minbizi kasu berri eta minbizi aurreko 2.000 polipo”.

 

Bularreko minbiziari dagokionez, baieztatzen da “pandemiaren lehen sei hilabeteetan programaren jarduera % 80 murriztu” zela aurreko urtearekin alderatuta, eta jarduera ez da oraindik ere erabat berreskuratu”. Ildo horretan, adierazten denez, 2019an programaren bidezko bularreko minbiziaren antzemate-tasa milako 5,17koa izan zen; kasu horietatik, % 48,95 fase goiztiarrean antzeman ziren, eta % 64,44 gongoil-inbasiorik gabe.

 

Horregatik guztiagatik eta pandemian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak minbiziaren zentzuzko susmoaren zirkuituak Nafarroan bermatu ez dituela ikusita, plan berezi bat eskatzen da.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Marta Álvarez, Javier García, Raquel Garbayo, Elena Llorente (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (43. NPAO, 2021-04-13koa)