Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Osasun Departamentua premiatzen da kontabilitate analitikoko kalkulu bat egin dezan, COVID-19a duten gaixoen tratamenduaren eta prozesu ezberdinen kostuari dagokionez

Krisiaren kudeaketan aurreko urteetako murrizketek eta desinbertsioek eragin duten zama nabarmendu du Legebiltzarrak, eta sare publikoaren finantzaketa indartzeko deia egin du

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gauraho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “aitortu eta eskertu egiten dizkie Nafarroako osasungintzako profesional guztiei COVID-19ak eragindako larrialdiari aurre egiteko erakutsi duten dedikazioa eta egin duten lana, hori izan baita azken hamarkada hauetako osasun-erronkarik nagusiena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Nafarroako Parlamentuaren “ustez, osasun krisi honetatik atera daitekeen ondorioetako bat da gure osasun sistema publikoa indartu beharra dagoela, eta haren finantzaketa blindatu, ezin baita koiuntura ekonomikoen mende egon”. Atal hau Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Ildo horretatik, “gaitzetsi egiten du 2008ko krisi ekonomikoan egindako kudeaketa; izan ere, Osasun Departamentuak “doikuntza-plan” bat ezarri zuen 2011ko irailetik aitzina, halako moduan non legegintzaldi hartan % 15eko murrizketa egin baitzen eta zenbait zerbitzu pribatizatu baitziren. Hori dela eta, egungo Nafarroako Gobernua premiatzen du ez dezan halako neurririk ezar eta, oso aitzitik, osasungintza publikoaren finantzaketa eta prestazioak manten eta indartu ditzan, sektore pribatuaren interesen aitzinean”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak “orobat dio ezen estatuko legedi indardunean oinarrituz pandemia honetan ezarri den “lankidetza publiko-pribatua” eta “Nafarroako osasun-sistema integratua” berdintasunez egin behar direla ondorio ekonomikoei dagokienez, bereizigabeki erabili baitira baliabide publikoak eta baliabide pribatuak”.

 

Hori dela-eta, Osasun Departamentua premiatzen da “kontabilitate analitikoko kalkulu bat egin dezan COVID-19a duten gaixoen tratamenduaren eta prozesu ezberdinen kostuari dagokionez, eta kasuan kasuko zenbatekoak ordaintzeko irizpidea ezar dezan Osasunbidean ezartzen diren erreferentziazko kostuetan oinarri harturik, halako moduan non zenbateko horiek ez baitira inolaz ere handiagoak izanen prozesu eta artatze horiek berek Osasunbidean duten kostua baino”. Navarra Sumak atal honen aurka ere bozkatu du.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “osasun-sistema integratuak” koronabirusaren osasun-krisian izan duen arau-esparrua aipatzen du, eta, sailburuaren hitzak berreskuratzen ditu, esan baitu sare publikoaren eta pribatuaren arteko koordinazioak “ongi funtzionatu duela” eta “ez dela gastuetan erreparatu”. Hori dela eta, “deribazioen kostua kalkulatzeko ezarriko diren irizpideen” inguruko gardentasuna eskatzen du.

 

Sustatzailearen hitzetan, helburua da “bermatzea koronabirusa daukan gaixo bat sare pribatuan artatzea ez zaiola diru-kutxa publikoari garestiago aterako sare publikoan artatzea baino. Begi-bistan dago osasun krisi honetatik atera daitekeen ondorioetako bat dela nolako zama suertatu diren lehenagoko beste garai batzuetako murrizketak eta osasungintza publikoan urteetan eginiko desinbertsioak; horrenbestez, agerian geratu da gure osasun sistema publikoa indartu beharra dagoela, giza baliabideekin eta baliabide materialekin”.