Osasun Departamentua premiatzen da sei hilabeteko epean Nafarroa osorako pediatren estaldura ziurtatu dezan
Osoko bilkuran onetsia. 2021eko otsailaren 18an
1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da sei hilabeteko epean epe labur eta ertainerako plan bat modu parte-hartzailean presta eta abiaraz dezan, pediatriako estaldura Nafarroa osorako ziurtatzeko.
Ildo horretan, Osasun Ministerioa premiatzen da BAME lanpostuak gehitu ditzan eta administrazioetan Lan Eskaintza Publikorako deialdiak egiteko murrizketak eta ordezte-tasa desagerraraz ditzan.
Plan honek gutxienez jaso beharko dituen neurrien artean daude, esaterako, lan eskaintza publiko bat, pediatria arloko egungo zerbitzu-premiei erantzuteko nahikoak diren lanpostuena; iraupen luzeko egitura-kontratuak lanpostu huts bihurtzea eta aldi baterako administrazio-kontratuak iraupen luzeagoko kontratu bihurtzea, betetzen zailak diren landa-eremuko postuetarako, eta hobariak ezartzea, profesionalki erakargarriagoak izan daitezen; pediatriako irakaskuntza-unitate berriak sortzea Nafarroako Ospitalegunean, arlo anitzetako profesionalez osatuak, barneko mediku egoiliarrentzako prestakuntza-postuen kopurua handitu ahal izateko.
Horrez gain, NUPen pediatriako aditu bat jartzea” eskatzen da, “halako moduz non Nafarroako osasungintzan nahikoa langile egonen baita, haren premietara egokituak.
Gainera, Gobernua premiatzen da arlo anitzeko prestakuntza-ikastaro bat gara dezan, arreta pediatrikoa eskaini behar duten mediku eta erizainen ezagutza-hutsuneak betetzeko, lanpostuak pediatriako espezialistekin betetzea ezinezkoa den kasuetan. Oinarrizko Osasun Laguntzan funtsezkoak diren prebentzio-zertzeladak jasoko dituena.
Era berean, eskatzen da pediatriako erizain espezializatuak jartzea pixkanaka, pediatriako lanpostuetan hiru urte baino gehiagoko esperientzia duten erizainak gaituz eginkizun eta trebetasun horiek gauzatzeko. Espezialitatea edo esperientzia nahikorik bermatzea ezinezkoa denean, profesional berriei lanposturako prestakuntza berariazkoa emanen zaie jarduera hasi baino lehen, sartuko den langileak eta aterako denak hilabete batez jarduera partekatuz. Hori ezinezkoa bada, bestelako aukerak bilatuko dira.
Bestalde, exigitzen da Pediatriako espezialitatea ez duten medikuek betetako lanpostuetan, erizaintza pediatrikoko langileria indartzea lehenengo sei hilabeteetan.
Azkenik, plan horrek berekin ekarri beharko du berrikustea Osasunbideak haur osasuntsuaren arreta dela-eta proposatzen duen jarduna eta erizaintzak pediatrian izan beharreko eginkizuna.
EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu du.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.