Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Otsailak 21

Osasun Departamentua premiatzen da Tafallako barruti soziosanitarioaren proiektu pilotua bi hilabeteko epean ebalua dezan

Eredu hori beste eskualde batzuetara hedatzeko edo horren ezarpenean atzera egin eta Tafallako proiektu pilotua ezabatzeko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “Tafallako barruti soziosanitarioaren proiektu pilotua bi hilabeteko epean ebalua dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio, “baldin eta Tafallako barruti soziosanitarioaren ebaluazioa positiboa bada, eredu hori Nafarroako gainerako eremuetara hedatzeko plan bat gara dezan, eta, ebaluazioa negatiboa bada, eredu hori hobetzeko planteamendu bat egin dezan edo, bestela, balora dezan berriz ere ezartzea Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Etengabeko Arretarako Gunea”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako ebazpenak Tafallako barruti soziosanitarioaren proiektu pilotuaren ebaluazioa egitearen alde egiten du, izan ere, arreta-eredu horrek ekarri zuen Erriberriko Etengabeko Arretarako Gunea kentzea eta Tafallan gaueko osasun-arreta eredu berria sortzea eta anbulantzia medikalizatu bat jartzea, osasun-zerbitzua emate aldera Tafallatik gertu dauden osasun-eskualde oinarrizkoetako 47.000 pertsonari.

 

Adierazten denez, neurri horrek osasun-arretako gunea urrunago egotea ekarri duenez, eragozpenak sortu dizkie Erriberriko Etengabeko Arretarako Gunean artatutako pazienteei, horietako asko zaharrak baitira. Hori dela eta, eta Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoko herritarrek behin eta berriro eskatu dutenari men eginez, burututako ekintzen ebaluazioa eskatzen da, informazio hori “ezinbestekoa” baita eredu hori beste eskualde batzuetara hedatzeko edo horren ezarpenean atzera egin eta Tafallako proiektu pilotua ezabatzeko.

 

Ainhoa Unzu (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Isabel Olave, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Inma Jurío (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

* Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu.

 

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (23. NPAO, 2023-02-10ekoa)