Osasunari buruzko Foru Lege berri baterako oinarriak adostu eta finkatuko dituen Osasuneko Batzorde Berezia eratu da
EH Bilduk eskatuta joan den maiatzean onartutako ebazpen baten ondorioz sortu da, eta Patricia Fanlo sozialista izango da batzordeburua
Osasunari buruzko Foru Lege berri baterako oinarriak adostu eta finkatuko dituen Osasuneko Batzorde Berezia eratu da gaur goizean. Mahaiak eta Eledunen Batzarrak irailaren 26an egindako bilkuran onartu zen batzordea eratzea, maiatzaren 11ko Osoko Bilkuran EH Bilduren eskariz onartutako ebazpen baten ondorioz.
Eratze-saioa Ganberako lehendakari Unai Hualdek zuzendu du, eta idazkari lanetan Juan Luis Sánchez de Muniáin izan da, Mahaiko lehen idazkaria.
Funtzionamendu arauen arabera, talde parlamentario bakoitzeko ordezkari banak osatuko du Batzordea, eta erabakiak, lehendakaria hautatzearena bezala (Patricia Fanlo hautatu dute), boto haztatu bidez hartuko dira.
Patricia Fanlo hautagai bakarrak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien babesa jaso du. Navarra Sumak boto zuria eman du.
Batzordeak bere gain hartzen du ondorioak bost hilabeteko epean aurkezteko konpromisoa, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango du, baita egoki iritzitako karguak eta funtzionarioak bertaratzea eta dagozkion txostenak egitea ere. Era berean, beste pertsona batzuen laguntza eskatu ahal izango du, baita gaian adituak direnena ere.
Batzordearen bilkurak ez dira irekiak izango. Hala ere, komunikabideen ordezkariak joan ahal izango dira Batzordera, behar bezala egiaztatuta, isilpekoak direnean izan ezik. Komunikabideak bertaratzeko aukera ematen duten saioak ikus-entzunezko baliabideen bidez transmititu ahal izango dira.
Oraingoz, lan-proposamenak aurkezteko epea ireki du Batzordeak (hilaren 21era arte, 12:00etan), eta hilaren 24an, astelehenarekin, berriro bilduko dira egutegiak zehazteko.
Osasunari buruzko Foru Lege berri baterako oinarriak adostu eta finkatuko dituen Osasuneko Batzorde Bereziaren buru Patricia Fanlo (PSN) izango da, eta, gainera, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Ana Ansa (Geroa Bai), Txomin Gonzalez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (I-E) izango ditu kide.
Izaera bereziko batzordeak agindutako lana amaitzean iraungitzen dira, eta, nolanahi ere, legegintzaldia amaitzean.