Osasuneko Batzorde Bereziak X. legegintzaldiari amaiera eman dio foru lege berri baten oinarriak adosteko eta finkatzeko txostena Osoko Bilkurari aurkeztuz
Talde guztiek adostutako "bide-orria" da, Navarra Sumak izan ezik, zeinak ez dion inolako baliozkotasunik ematen hilaren 24an Batzordean onartutako testuari
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Osasuneko Batzorde Bereziak egindako txostena eztabaidatu du gaur, Foru Lege berri baten oinarriak adosteko eta finkatzeko. Testu hori hilaren 24an onartu zuen Batzordeak, talde guztien babesarekin, Navarra Sumarena izan ezik, ez baitio inolako baliorik ematen aipatutako azterlanaren edukiari.
“Osasunari buruzko hurrengo foru legea adosteko abiapuntutzat hartu behar liratekeen printzipio gidarien inguruko ibilbide orria da". Hori adierazi dute talde guztiek Navarra Sumak izan ezik, hark ez baitio inongo baliozkotasunik ematen onetsitako testuari.
Txostenean azpimarra jartzen da Oinarrizko Osasun Laguntzan, eta “rol nagusia” aitortzen zaio finantzaketan. Ohartarazten da finantzaketa horrek “urte anitzeko esparruan egokia eta nahikoa” izan behar duela. Emaitzak ebaluatzeari ere garrantzia ematen zaio, “teknologia berrien eta farmaziaren eraginkortasuna eta askitasuna kontrolatzea” barne.
Gainera, “gaitasunak, lanbide profilak eta ordainsari mailak egokitzeko” deia egiten da, eta, horretarako, “lan harremanen esparru berri bat” eskatzen da, enpleguaren “kalitatea eta egonkortasuna” erdigunean jarriko dituena, bai eta “Mahai Sektorialean negoziazio kolektiboa egiteko eskumen gehiago” ere.
Azkenik, O-NOZen izaera juridikoa berraztertzeko eskatzen da, kudeaketarako autonomia handiagoa izan dezan, eta kudeaketa eredu integratzaile berriak proposatzen dira osasun arretarako nahiz arlo klinikorako, baita osasun mentalean ere.
Osasuneko Batzorde Bereziak egin dituen bost bilkuretan 10 agerraldi izan dira: Luis Gabilondok, Juan Luis Beltránek, José Manuel Freirek eta José María Uribek azaldu zuten osasunari buruzko hurrengo foru legeak haien ustez zein abiaburu izan behar zituen; José Ramón eta Álvaro Iruinek Osasun Laguntza Integratua kudeatzeko ereduez hitz egin zuten; Rafael Bengoak eta Margarita Echaurik Osasun Publikoko kudeaketa ereduez duten iritzia azaldu zuten; Juan Erviti ikerketa kudeatzeko ereduei buruz aritu zen, eta Lucía Artazcoz, berriz, osasun arloan generoari eman beharreko tratamenduaz.
Patricia Fanlo (PSN) buru, Osasuneko Batzorde Berezian honako kide hauek izan dira: Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Ana Ansa (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).
Batzorde bereziak azkendu egiten dira eskatu zaien lana amaitzen dutenean eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.
Osasuneko Batzorde Berezia Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren irailaren 26ko bilkuran onetsi zen, EH Bildu talde parlamentarioaren eskariz iragan maiatzaren 11ko osoko bilkuran onartutako erabaki baten ondorioz. Batzordea eratzeko bilkura 2022ko urriaren 14an egin zen.