Noiz argitaratua Ostirala, 2015.eko Azaroak 27

Osoko Bilkura monografikoa. "Parte-hartzea eta erabakitzeko eskubidea" Proposamenen eztabaida eta bozketa

Onetsi diren 22 ebazpenen artean, Ganberak erabakitzearen eskubideari buruzko kontsultarako lege bat izapidetu nahi duela eta Hobekuntza erreformatzearen alde egiten duela adierazi du

Parlamentuko Osoko Bilkurak Herritarrek esparru ekonomikoan, sozialean eta politikoan erabakitzeko eskubidea eta parte-hartzea debatean eztabaidatu diren 35 ebazpen proposamenetatik 22 onetsi ditu (UPNren 4, Geroa Bai-ren 4, I-Eren 4, EH Bildu-ren 3, PSNren 3, Podemos-Ahal Duguren 2 eta PPNren 2).


Ebazpen proposamenak defendatu dituen lehenengo taldea GEROA BAI izan da. Aurkeztu dituen bost ekimenetatik lau aurrera ateratzea lortu du, horietatik bi Hobekuntza erreformatzeari eta Parte-hartze lege bat onesteari buruzkoak ziren, non azken horrek herritarren kontsultarako tresnak, aurrekontu parte-hartzaileak eta gaitzespen politikorako formulak jasoko zituen. Ebazpen proposamen horiek EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeekin hitzartu ditu, eta haiek ere proposamenok haien kabuz aurkeztu dituzte.


Geroa Bai
, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek hitzartu duten lehenengo ebazpena UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin onetsi da eta honakoa dio:


“Nafarroako Parlamentuak prozesu parte-hartzaile eta parlamentario bati ekiteko konpromisoa duela agertzen du, zertarako eta Hobekuntza erreformatzeko Nafarroako estatus politikoa definitze aldera, eskumen berriak gehitzeko eta gizarte eskubideen aitortzan aurrerapausoak emateko, ahalik eta maila legal handiena emanez, haien betearazpenean eraginkor bihurtuz eta erreforma bera herritarren berrespenaren mende jarriz”.


Geroa Bai
, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek hitzartu duten bigarren ebazpena UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta PSNren abstentzioarekin onetsi da eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak Parte-hartzeari buruzko foru lege bat onesteko borondatea duela agertzen du, parte-hartze demokratikoaren ziklo osoa jasoko duena. Lege horrek, besteak beste, herritarren kontsultarako tresnak, aurrekontu parte-hartzaileak eta gaitzespen politikorako formulak jasoko ditu, Nafarroaren eskumenen esparruaren barruan”.


Geroa Bai
-ren hirugarren ebazpen bat onetsi da, UPNren eta PPNren aurkako botoak eta EH Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren eta I-Eren babesa jaso dituena, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ahalegin handiena egiteko Estatuak Nafarroaren foru erregimenaren kaltetan dituen arauak indargabetu daitezen lan egiteko, eta zehazki honakoak indargabetzeko:
Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua, PP eta PSOE alderdiek adostutako testua duena eta 2011ko irailaren 27ko “erreforma espresa” delakoaren bidez gehitu zena.


Apirilaren 27ko 2/2012 lege organikoa, aurrekontuen egonkortasunari eta iragangarritasun finantzieroari buruzkoa.


Abenduaren 27ko 27/2013 legea, toki administrazioaren arrazionalizatzeari eta iraunkortasunari buruzkoa.


Abenduaren 9ko 21/2013 Lege Organikoa, hezkuntzaren kalitatea hobetzeari buruzkoa”.


Geroa Bai
-ren laugarren ebazpen bat onetsi da, UPNren, PSNren eta PPNren aldeko botoekin, EH Bildu-ren eta I-Eren abstentzioekin eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak, Espainiako Konstituzioaren balizko erreformaren aurrean, indarrean dagoen Lehenengo Xedapen Gehigarria mantendu dadin proposatzeko eta defendatzeko konpromisoa hartzen du”, eskualde foralen eskubide historikoak babestu eta errespetatzeari buruzkoa.


Geroa Bai
-ren ebazpen proposamen bakarra bazter geratu da, UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Bildu-ren abstentzioarekin eta Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren babesarekin, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak aldarrikatzen du Nafarroako gizarteari dagokiola era aske eta demokratikoan erabakitzea, bazterkeriarik gabe eta aldez aurreko baldintzarik gabe, erkidego politiko gisa bere burua nola antolatu nahi duen, zein hitzarmen egin nahi duen Estatuarekin borondate subirano horrek estatuaren antolaketan izan behar duen guneari dagokionez, bai eta hitzartutakoa ebatzi eta interpretatzeko beharrezkoak diren tresnak ezartzeko ere, amaitzeko hori guztia herritarrek erreferendum bidez berretsi beharko dute”.


Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeekin hitzartu dituenez gain, IZQUIERDA-EZKERRAk defendatu dituen beste hiru ebazpen proposamenetatik bi onestea lortu du.


I-Eren lehenengo ebazpena
UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k eta Podemos-Ahal Duguk haren alde eman dituzten botoekin onetsi da eta honela dio:


“1.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du Nafarroa, bertako herritar guztiak, subjektu politiko bat dela, propioa eta ezberdindua, erabakitzeko eskubidearen titularra.


2.- Nafarroako Parlamentuak erabakitzeko eskubidearen erabilera era solastu, baketsu eta demokratikoan eta legea beteta egin behar dela uste du”.


I-Eren bigarren ebazpena
UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta PSNk haren alde eman dituzten botoekin onetsi da eta honela dio:


“l.- Nafarroako Parlamentuak zergen eta finantzen arloan Nafarroaren autogobernuarekin duen konpromisoa berresten du eta Estatuko erakundeei autogobernuaren esparru hori errespetatzeko eta hari leial izateko erreklamatzen die.


2.- Nafarroako Parlamentuak bere babesa agertzen dio Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoari, Estatuko eskualde ezberdinen arteko elkartasunetik, eta haren eguneraketak Nafarroak tributuen arloan dituen eskumenak berma ditzan exijitzen du.


3.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma zergen eta finantzen arloko Nafarroako autogobernuari eraso egitea dela uste du, zor publikoa ordaintzea aurrekontu politikaren lehentasun absolutu gisa ezartzen baitu, eta hura indargabetzea beharrezkoa dela adierazten du.


4.- Nafarroako Parlamentuak Aurrekontuen Egonkortasunari eta Iragangarritasun Finantzieroari buruzko 2/2012 Lege Organikoa Nafarroako autogobernuari eraso egitea dela uste du, Nafarroaren aurrekontu politikan mugapen eta kontrol zorrotzak ezartzen baititu, eta hura indargabetzea beharrezkoa dela adierazten du”.


I-Eren ebazpen proposamen bakarra bazter geratu da
, UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Geroa Bai-ren abstentzioarekin eta EH Bildu-ren eta Podemos-Ahal Duguren babesarekin, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak adosten du estatu espainolean Errepublika federal, laiko eta solidario bat eraikitzeko prozesu politiko bati hasiera ematea babestea, nafarren erabakitzeko eskubidea erabiltzea abiapuntu hartuta”.
PSNk aurkeztu dituen bost proposamenetatik hiru onetsi dira, guztiak aho batez.


Onetsi den PSNren lehenengo ebazpenak honela dio
:


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du informazio publikorako sarbidea izateko eskubidea ahalik eta gehien erraztera, ezagutza bermeekin parte-hartzeko eta kolaboratzeko oinarrizko printzipioa den aldetik. Alde batetik, publizitate aktiboaren printzipioa bete eta sustatuz –zeinaren bidez herritarrei informazio guztia era konstantean eman behar baitzaie, egiazkoa, eguneratua eta objektiboa, herritarrek eskatu gabe-, eta bestetik, beharrezkoak diren mekanismoak abiarazita publizitate aktiboarekin erantzunik jaso ez duten herritarrek informazio publikoa eskatzeko aukera izan dezaten erraz, azkar eta bermeekin, agirien eta NAN elektronikoen gisako oztoporik gabe. Bi kasuetan ematen den informazio guztia formatu berreskuragarri eta interoperableetan eskuragarri egon beharko da”.


Onetsi den PSNren bigarren ebazpenak honela dio
:


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Herritarren Parte-Hartze eta Kolaboraziorako Erregistroa aktibatu eta sustatzera –Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan jaso eta arautzen dena-, zeinaren xedea den herritarren parte-hartze eta kolaboraziorako tresna jakinen erabilera era eraginkorrago batean artikulatu ahal izatea, eta non Administrazio Publikoen eskumeneko alor jakinei buruzko informazioa jaso nahi duten herritarrek eta herritarren entitateek era boluntarioan izena eman behar duten. Hori guztia, beharrezko informazioarekin eta aipatutako legeari jarraiki, Nafarroako Gobernuak eskaini beharko lituzkeen parte-hartze eta kolaboraziorako tresnetan era aktiboan parte hartzeko xedearekin”.


Onetsi den PSNren hirugarren ebazpenak honela dio
:


“Nafarroako Parlamentuak zalantzarik gabe defendatzen du Ganbera honek berak 2012ko ekainean onetsi zuen Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko legea bete eta betearaztea. Bereziki, eskatzen du IV. Titulua, herritarren parte-hartzeari eta kolaborazioari buruzkoa, egiaz aktibatu dadin, zeinak hasieran Administrazio Publikoa konprometitzen duen herritarren parte-hartzea eta kolaborazioa bultzatzera, egiazko parte-hartze eraginkor baten bermeak artikulatzen dituen, eskubide hori erabiltzeko eskubide zehatzak ezartzen dituen eta, gainera, parte-hartze eta kolaboraziorako tresna zehatzak era argian ezartzen dituen. Zehazki, eta eratu daitezkeen beste batzuk kaltetu gabe, behartzen du Kontsultarako Foroak, Herritarren Panelak eta Herritarren Epaimahaien araudia garatzera”.


Bazter geratu den PSNren lehenengo ebazpenak
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoa PPNren abstentzioa eta UPNren aldeko botoa jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak agertzen du datorren legegintzaldian egingo den Konstituzioa erreformatzeko prozesuan Espainia osatzen duten estatu federatu edo erkidego autonomoen artean Nafarroako Foru Erkidegoaren izena berariaz gehitu dadin nahi duela. Behin Konstituzioan autonomia erkidegoen izena gehituta mapa autonomikoa itxi denean, ez du zentzurik Konstituzioaren testuak behin behinekotasun osagaiak izatea. Hortaz, Konstituzioaren erreforman Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatu dadin proposatzen da. Konstituzioaren erreformak (EK 168. art.) oso adostasun politiko zabalak behar izateak eta erreferendum bidez berretsi behar izateak nafar herritarrek haien erakundeen etorkizunean parte har dezaten ziurtatzen du”.


Bazter geratu den PSNren bigarren ebazpenak
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoa eta UPNren eta PPNren abstentzioa jaso ditu, eta honela zioen:


“Parlamentuak zalantzarik gabe babesten du Nafarroa subjektu politiko bat dela, propioa eta ezberdindua. Herritar garen aldetik ditugun eskubideak garatzea azken xede duen subjektu politiko bat. Halaber, orain duen autogobernurako sistema defendatzen du, estatusa aldatu gabe.


Horregatik, Espainiatik independizatzeko prozesuak ez sustatzeko eta ez laguntzeko konpromisoa hartzen du. Eta eredu federal baterantz aurrera egitera, konstituzioan egingo den erreforman, zeinak Espainia osoari oreka territorial handiagoa ekarriko dion”.


Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeekin hitzartu dituenez gain, EH BILDUk aurkeztu dituen beste hiru ebazpen proposamenetatik bat onetsi da.


EH Bildu-ren lehenengo ebazpena
UPNk eta PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Geroa Bai-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin onetsi da eta honela dio:


“1.- Auzitegi Konstituzionalak eta Estatuko hainbat eragile eta arduradun politikok gure autogobernuari egin dizkieten etengabeko erasoen aurrean, Nafarroako Parlamentuak agertzen du irmoki gaitzesten dituela eta Nafarroako herritarrek Estatuarekin aldebitasunez mekanismo ekonomikoak, sozialak eta elkartasunekoak, Hitzarmen Ekonomikoaren bidez, hitzarmen hori autogobernurako oinarrizko tresna bat izanik, adosteko duten eskubidea errespetatu dadin exijitzen du”.


Bazter geratu den EH Bildu-ren lehenengo proposamenak
UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoak, Podemos-Ahal Duguren abstentzioa eta Geroa Bai-ren eta I-Eren aldeko botoak jaso ditu, eta honela zioen:


“1.-Nafarroako Parlamentuak autogobernua bultzatuko du, Nafarroako herritarren nahia eta termino politiko, ekonomiko eta sozialetan haien etorkizunarentzat egokienak diren eredu eta neurriak erabakitzeko duten gaitasuna aitortu eta errespetatuta.


2.-Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako herritarren subiranotasuna gordetzen duen erakundea den aldetik, adierazten du beharrezkoak diren neurri eta ekimen guztiak diseinatzeko borondatea duela, eredu ekonomiko eta sozial justu eta demokratiko bat sortzeko, berezkoa, ingurumenarentzat jasangarria eta eskualdearentzat orekatua.


3.- Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak defendatzen du zerga autonomia izateko eskubidea duela, gure eskualdean dauden azpiegitura guztiei buruzko erabaki propioak hartzeko subiranotasuna duela eta Nafarroako langileei dagozkien eskubideak definituko dituen laneko harremanen esparru bat izatea”.


Bazter geratu den EH Bildu-ren bigarren proposamenak
UPNren, PSNren, PPNren eta I-Eren aurkako botoak eta Geroa Bai-ren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoak jaso ditu, eta honela zioen:


“1.-Nafarroako Parlamentuak, konstituzioa erreformatu daitekeela edo ‘prozesu konstituziogile’ bat egon daitekeela ikusita, Nafarroari subjektu politiko subirano gisa erabakitzeko dagokion eskubidea aldarrikatzen du, Nafarroari haren herritarren babesten ez duten ahokadura konstituzional bat inposatzea ekartzen duen adierazpen oro gaitzetsiz.


2.-Nafarroako Parlamentuak Espainiako Estatuko eskualde guztiei haien etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dutela aitortzen die eta, ildo horretan, Kataluniako herria errespetatzen duela agertzen du eta bertako erakundeen eta herriaren borondatea beteta abiarazi duten prozesuko jarduketen zilegitasuna aitortzen du.


3-Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak zentralismo espainolak eskubide horren erabilerari egin dizkion eraso guztiak irmoki arbuiatzen ditu”.


UPN
k aurkeztu dituen bost ebazpen proposamenetatik lau onetsi dira.


Onetsi den UPNren lehenengo ebazpenak
PSNren, Geroa Bai-ren eta PPNren babesa, Bildu-ren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioak eta I-Eren aurkako botoa jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriarekin duen konpromisoa agertzen du, kontuan hartuta foruen titulartasuna nafar herriarena dela, hori dela-eta haren erakundeak guztiz demokratikoak, ordezkatzaileak, parte-hartzaileak, anitzak eta gardenak izan behar dira”.


Onetsi den UPNren bigarren ebazpenak
PSNren, Geroa Bai-ren eta PPNren eta I-Eren babesa, Bildu-ren abstentzioa eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoa jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroaren nortasuna mantentzeko eta haren izaera politikoa indartzeko konpromisoa agertzen du”.


Onetsi den UPNren hirugarren ebazpenak
PSNren eta PPNren babesa, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Podemos-Ahal Duguren, Bildu-ren eta I-Eren aurkako botoa jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuaren ustez Espainiako Konstituzioa eta NFEBHLO elkarbizitzarako eta garapenerako tresna balidoak dira eta haietan egingo den aldaketa oro era demokratikoan eta horretarako ezarritako ildo legalen bidez egin behar da”.


Onetsi den UPNren laugarren ebazpenak
PSNren, PPNren eta I-Eren babesa, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Podemos-Ahal Duguren eta Bildu-ren aurkako botoa jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuaren ustez Espainiako Gobernuari aurre egitea ez da autogobernuan sakontzeko biderik egokiena, hortaz Kataluniak abiarazi diren ibilbideen gisakoak saihestu behar dira, elkarbizitza haustea eta kaltetzea besterik ez baitakarte”.


Bazter geratu den UPNren ebazpen bakarrak
, Geroa Bai-ren, EH Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak, PSNren abstentzioa eta PPNren babesa jaso du, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuaren ustez Espainiako Konstituzioan egiten den aldaketa orok Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatzea ekarri behar du”.


Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeekin hitzartu dituenez gain, PODEMOS-AHAL DUGUk ez du lortu aurkeztu dituen beste hiru ebazpen proposamenetatik bat ere onestea.


Bazter geratu den Podemos-Ahal Duguren lehenengo proposamenak
UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoak, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Bildu-ren eta I-Eren babesa jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herritarrek haien bizitza nahi duten moduan eta askatasun osoz auto-determinatzeko duten eskubide demokratikoa murrizten eta baldintzatzen duten faktore eta botere ekonomiko edo/eta faktual nagusiak zeintzuk diren identifikatzeko prozesu bat bultzatuko du. Ondoren, batzorde txostengile bat abiarazi ahal izango du demokraziaren eta erabakitzeko gaitasunaren garapena eragozten duten oztopoak kentzeko zein jarduketa eta aldaketa legal behar diren zehazteko”.


Bazter geratu den Podemos-Ahal Duguren bigarren proposamenak
UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoak, Bildu-ren abstentzioa eta Geroa Bai-ren eta I-Eren babesa jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak kultura demokratikoan sakontzeko betebeharra sustatzeko eta hartzeko borondatea duela adierazten du, eta erakundeak premiatzen ditu erakunde horien eta botere banaketaren kontrol demokratikoa eta gizarte eskubideen gotortze konstituzionala ziurtatuko dituen prozesu konstituziogile bat abiaraztera”.


Bazter geratu den Podemos-Ahal Duguren hirugarren proposamenak
UPNren, PSNren eta PPNren aurkako botoak, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Bildu-ren eta I-Eren babesa jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak TTIP, aurrekontuen egonkortasunerako legea eta ‘0’ defizita zorrotz betetzea baztertzen duela agertzen du, ekonomia berraktibatzea zorra ordaintzearen aurretik lehenetsita eta kalitateko zerbitzu publikoak ziurtatuta. Era berean, Gobernu Zentrala Zorraren Europako Batzorde bat sustatzera premiatzen du, euro-gunearen esparruan zor publikoak era koordinatuan berregituratzea Europar Batasunaren agenda politikoan jarriko duena, eta Nafarroako Gobernua Nafarroan zorraren herritarren auditoria bat gauzatzeko beharrezkoak diren informazioa eta baliabideak ematerakoan laguntza eman dezan”.


PPN
k aurkeztu dituen bost ebazpen proposamenetatik bi onestea lortu du.


Onetsi den PPNren lehenengo ebazpenak
UPNren eta PSNren aldeko botoak, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak adostu du 1982ko Foru Eraentza Berrezari eta Hotzeko Hitzarmena, Konstituzioak babestu eta errespetatzen duena, nafar herria bakean eta askatasunez bizitzeko esparru demokratiko bat, eta Foru Erkidegoaren autogobernurako eskubidearentzako berme bat dela adieraztea”.


Onetsi den PPNren bigarren ebazpenak
ere UPNren eta PSNren aldeko botoak, Geroa Bai-ren abstentzioa eta Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak jaso ditu, eta honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Konstituzioa errespetatu eta betetzea adosten du, bertan gure erregimena babesten eta errespetatzen baita eta gure eskubide historikoak zehazten baitira”.


Bazter geratu den PPNren lehenengo ebazpenak
Geroa Bai-ren, Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak eta UPNren eta PSNren aldeko botoak jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak subiranotasun nazionala Espainiako herrian dagoela, eta gure Espainiako Konstituzioak aldarrikatzen duen moduan Estatuko botereak handik sortzen direla adieraztea adosten du”.


Bazter geratu den PPNren bigarren ebazpenak
Geroa Bai-ren, Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak eta UPNren eta PSNren aldeko botoak jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Konstituzioaren 2. artikulua errespetatu eta betetzea adosten du, zeinean adierazten denez “Konstituzioa nazio espainolaren batasun deseginezinean oinarritzen da, espainol guztien aberri komun eta banaezina baita, eta hura osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomiarako eskubidea eta haien arteko elkartasuna aitortu eta bermatzen du”.


Bazter geratu den PPNren hirugarren ebazpenak
Geroa Bai-ren, Bildu-ren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoak, PSNren abstentzioa eta UPNren aldeko botoa jaso ditu, eta honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak adosten du Espainiako Konstituzioan egiten den aldaketa orok Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatzea ekarri behar duela”.