Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Urriak 14

Osoko Bilkuren Aretoan ospatu da Nafarroako VI. Gazte Parlamentuaren eraketa, eta Alberto Guijarro izanen da berriz ere lehendakari

Unai Hualdek Ganbera gaztearen inplikazioa eskertu du eta iragarri du gizartearen kezkak ezagutzeko Parlamentuak egiten duen Barometroa gazteriari buruzkoa izango dela

Nafarroako VI. Gazte Parlamentuak irekiera-ekitaldia egin du gaur eta Alberto Guijarro izendatu du berriz ere lehendakari. Lorena Burriel izango da lehen lehendakariordea eta Iván Hernández bigarren lehendakariordea. Bertan izan dira proiektuaren edizio honetan parte hartzeko aukeratutako gazteak, aurreko edizioko parte-hartzaileak eta talde parlamentarioetako ordezkariak.

 

Ekitaldia Unai Hualde Parlamentuko lehendakariaren ongietorri hitzaldiarekin hasi da, eta V. Gazte Parlamentuak onartutako proposamenen errepasoa egin du. Nafarroako “Gazte Kontseiluarekin elkarlanean jarraitzearen alde” egin du Hualdek. “Gazteek osatutako eztabaida-organo hau tresna egokia da zuengan eragina duten eta Nafarroako Parlamentuan garatzen den eztabaidaren eta lanaren osagarri diren gaiei buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko”.

 

Era berean, Parlamentuko presidenteak iragarri du Parlamentuak Nafarroako gizartearen kezkak ezagutzeko egiten duen Barometroa gazteen arazoei buruzkoa izango dela: “Nafarroako Gobernuko Gazteria Zuzendaritza Nagusiarekin eta Gazteriaren Kontseiluarekin elkarlanean arituko gara, guztion artean gazteen egoeraren argazkirik onena egin ahal izateko”.

 

Bestalde, Pablo Lanaspa Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariordeak parte hartzaileei dei egin die “espazio horretaz balia daitezen gazteengan eragin zuzena duten gai hauek lantzeko”. Lanaspak nabarmendu duenez, “Gazte Parlamentua gazteen arazo partekatuak aldarrikatzeko gai izan dadila espero dugu, sektarismo politikotik ihes egingo duen zeharkako ikuspegi batetik”.

 

Ildo horretan, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariordeak eskatu du “gazteen berezko ausardiarekin akordioak lor daitezen, burugogorkeria baztertuz eta gazteen bizi-baldintzak hobetuko dituzten puntuak antzemateko helburu komunarekin”.

 

Nafarroako VI. Gazte Parlamentua osatzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Angel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simon, bai eta Carlos Amatriain ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaria.